Albisteak

 

Orozkoko Udalak «Landa eremuan bakardadea eta isolamendua gutxitzen» proiektu pilotua jarri du martxan apirilean, bakarrik bizi diren adineko pertsonek euren etxebizitzetan jarraitzea ahalbidetzea helburu, baldintza onetan eta isolamendua murriztuta. Udal Gizarte Zerbitzuek ekimena gidatuko dute, era berean, herritarren babesa ere izango du proiektuak, pertsona horien ongizatea zaintzeko babes sare bat sortzean. Eragile edo «auzozain» horiek euren egunerokoan harremana duten adineko pertsonen ohiko errutinei arreta jarriko diete eta kezkatzen dituen egoera edo aldaketaren bat ikustekotan, adineko pertsonarekin berarekin eta bere familiarekin alderatuko dute edo Gizarte Zerbitzuetara bideratu.

Ongizate Arloa modu boluntarioan lankidetzan arituko diren pertsonen bila dago orain. Maiatzean informazio gehaigo eman eta trebakuntza lortzeko ikastaroak egingo dituzte, proiektua behar bezala garatu dadin.

Bestetik, frogaren diagnostiko fasea bukatu da eta bertatik, egun Orozkoko biztanleriaren % 20,6a 65 urtetik gorakoa dela jaso dugu. Gainera, udalerrian dauden bizikidetza unitate guztien artean % 25 bakarrik bizi diren pertsonez osatua dago, horietako asko landa eremuan. Horregatik, Udalak berebizikotzat jotzen du Orozkoko auzokideek ere ekimen berri honetan inplikazioa izatea, Obra Social La Caixak diruz lagundutakoa da proiektua.