Albisteak

 

Aurtengoa Orozkoko Kale Antzerki Aroa jaialdiaren VIII. edizioa izango da. Horren baitan bi hitzordu eskainiko ditu udaleko Kultura Arloak. Uztailaren 12an, ostiralean, 25 urte baino gehiagoko ibilbidea osatu duen Markeliñe taldearen "Zoozoom" emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da, 21:00etatik aurrera Zubiaur plazan. 55 minutuz familiek parte hartu, gozatu eta harrituko dira jirafan, elefantean, karramarroan eta dinosauroan bihurtuta.

Bigarrena 19an izango da. Egun horretan Ganso&Cía konpainiaren "Babo Royal" obrak plaza xelebrekeriaz beteko du 21:00etatik aurrera. 50m2-ko inperioa aurkeztuko digute, burutik jota dagoen erregea eta trobalari bitxia. Lurralde txiki horretan xelebrekeria izango da jaun eta jabe. Familia osoari zuzendutako emanaldia izango da hori ere.