Albisteak

 

Urriaren 17tik 26ra auzo batzarren udazkeneko ohiko zikloa izan zen, eta herritarren parte hartzea zein Udalarekiko komunikazioa sustatzera bideratu zen. Azken saio horien helburu nagusietako bat auzoetako ordezkari berriak izendatzea izan zen, hasi berri den legealdirako. Positiboki nabarmentzekoa da aurpegi zein ahots berriak batu direla kargu horietara, eta beren auzoak ordezkatu zein bitartekari gisa arituko direla, Udalari kexak, eskaerak eta ekarpenak helaraziz beren komunitateetako interesak lehenetsita.

Zentzu horretan, ordezkariek bizilagunekin adostu beharko dute orain zein inbertsio edo jarduera proposatu nahi dioten Udalari. Berrikuntza gisa, 2020ko hurrengo aurrekontuetan auzoek proposatutako konponketa edo hobekuntzetara bideratutako partidak txertatuko dira, betiere bideragarritasun teknikoaren eta aukera ekonomikoen arabera, behar bezala landuko direnak.

Bestalde, eta ohikoa denez, auzoetako saioetan bestelako kontuak ere landu zituzten, hala nola egindako konponketa-lanak edo aurreikusita daudenak, eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten bertaratu ziren bizilagunek. Muruetan, bestalde, hondakin-uren araztegiarentzako lurren desjabetzeaz mintzatu ziren, eta Ibarra eta San Martinen uraren klorazioak eragindako arazoaren berri eman zen, zeinaren ondorioz urriaren hasieran zonalde hori ur-kontsumorik gabe egon zen.