Albisteak

 

Orozkoko Osasun Zentro berriak urte bat egingo du abenduan, martxan jarri zenetik. Eraikina 2018ko azaroaren 28an inauguratu zuten, eta urte hartako abenduaren 3an, astelehenez, hasi zen funtzionatzen. Azken legealdiko helburu nagusienetako bat zen Osasun Zentro berriaren proiektua. Orozkoko Udalak eraiki zuen 795.000 euroko inbertsioa eginda, eta Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenerako Sailaren laguntza ere izan zuen.

Lehenbiziko urte honetan lantaldeak instalazioez egindako balorazioa oso positiboa da; bereziki azpimarratu dituzte sarbideen erosotasuna -eraikin berrian ateraino heldu daiteke anbulantzia, besteak beste- eta kontsulta gelak. Izan ere, kontsulta gelek puntako hornikuntza daukate, eta hainbat langilerentzako espazioa daukate, kontsultak partekatu behar ez izateko. Lehenengo urte honetan (azaroaren 20ra arte) 13.830 mediku-kontsulta egin dituzte -etxez etxeko 372-, erizaintzako 8.479 osasun-ekintza -etxez etxeko 826- eta 148 pediatria-kontsulta. Horrez gain, administrazio eta burokrazia tramite andana egin dute.