Albisteak

 

Antolinzaleak Jai Batzordeak ekin dio dagoeneko Sanantolinak prestatzeari. Aurreko hilabeteetan, batzordearen barne antolakuntza kudeatzeko bildu dira. Batzar horietan, herritar moduan edo elkarten ordezkari moduan parte har dezakete orozkoarrek. 2020ko antolakuntzara begira, iazko jaien balantzea egitea komeni da.

Guztira, 87.474,58 euro inbertitu zituen Orozkoko Udalak 2019ko jaietan. Gauetako musika emanaldietan, adibidez, 26.104,2 euro gastatu ziren.

Zenbateko horretatik, abuztuaren 31n eginiko Zapatu Moreko kontzertuak eta DJ saioak, batera, 12.299 euro balio izan zuten. Txosnaguneko ekipoak, gainera, 4.755,3 euroko balioa izan zuen.

Bestetik, buruhandietan, trikitixa- eta bertso-kalejiretan, dantzarietan zein txistularietan, fanfarrian eta txarangan 6.052,8 euro gastatu zituzten.

Jaietako jatorduei dagokienez, hiru bazkariek -erretiratuenak, umeenak eta herri bazkariak- 8.783,65 euroko gastua ekarri zuten.

Zekorketak antolatzeko eta gauzatzeko, guztira, 30.561,18 euro bideratu ziren; besteak beste, toreroak, albaitariak eta medikuak kontratatzeko, aseguruak ordaintzeko eta zezen plaza baliatzeko.

Bukatzeko, 2.172,63 euro izan ziren orotara bestelako gastuak, hala nola inprenta gastuak, publizitatea eta ogasun zergak.