Albisteak

 

Taldean egiteko frogak antolatu ditu Indumak etxeko Olinpiadak Orozkon izateko. Bi partaide egon behar dira talde bakoitzean, eta 5 eta 11 urte bitartekoak izan.

Partaideek froga bera egin behar dute; denbora neurtu eta Indumara bidali behar dute, infoinduma@yahoo.es helbidera. Email horretan, taldearen zein parte-hartzaileen izenak zehaztu beharra dago.

Talde bakoitzaren denbora Udaleko web orrialdean publikatuko da; horrela, gazteek begiratu ahalko dute zein postutan dauden eta haien denborak hobetzeko aukera izan.

Gerta daiteke bi partaideak etxe ezberdinetan bizitzea. Gaur egun erabiltzen diren aplikazioak erabil ditzakete haien frogak egiteko; batak egiten duen bitartean besteak animatu eta lagundu ahal dio, eta alderantziz.

Helburu bakarra dibertitzea da; beraz, oso garrantzitsua da gogoratzea jolas bat baino ez dela.

Frogak hurrengoak dira:

1. froga. Hanka batekin 2 salto egin, aldizkari bat buruan eramanda. (Aldizkaria zabalduta, orriak bi aldeetatik eskegita) Jauzten bada, hasi berriro.

2. froga. Eskuak atzean lotuta eta zoruan etzanda, baloi bat mugitu buruarekin gela batetik bestera. (20 pausu gutxi gorabehera, gelan sartu eta buelta eman, eta horrela gela guztietan; bi gelatan sartu behar dira eta buelta eman, gehi korredorea).

3. froga. Begiak tapatuta, etxe bat egin mahai baten gainean. Horretarako, liburuak erabili. Liburuak segundo batzuetan zutunik mantendu behar dira.

4. froga. Egin bost marka zoruan. Bata bestearengandik metro batera egon behar dira. Zure ondoan jarri bost gauza (panpinak, makilatxoak… nahi duzuena). Denbora zenbatzen hasten denean, jarri objektu bakoitza markaren gainean eta gero batu berriro. Guztiak batuta daudenean, bukatu da denbora.

5. froga. Eskuak luzatuta jarri eta, esku bakoitzaren gainean, ipini liburu bat. Hasi korrika egiten gela batetik bestera, hormak eta ateak ikutu barik eskuekin eta besoak luzatuta eramanda denbora guztian (90 metroko etxe batean; handiagoa bada, egokitu espazioa).

6. froga. Egin 10 abdominal.

7. froga. Egin 10 flexio.

8. froga. Zenbat salto egin ahal dituzu hankak lotuta izanda 2 minututan? (Honetan zenbatzen dira saltoak, ez denbora!!).

9. froga. Jarri sagar bat kordel batekin lotuta goian, ia ia zuek ez heltzeko lekuan, eta eskuak atzean izanda, eman behar dizkiozu sagarrari 5 kozka. Eskuekin lagundu barik.

10. froga. Ontzi batean sartu ura eta irina, masa bat sortuz. Masa horren barnean, 7 pintza sartu (arropa eskegitzekoak). Eskuak atzean jarri berriro eta ahoarekin 7 pintza topatu eta atera.

Animo kirolari handi horiek!!!