Albisteak

 

Orozkoko Udalak segurtasun-neurri ezberdinak hartu ditu Covid-19 koronabirusa ez zabaltzeko helburuarekin.

Apirilaren 3an, 9 kasu positibo baieztatu dituzte herrian eta, tamalez, pertsona bat hil da koronabirusarekin. Kutsatu diren pertsona horietatik, bat ospitalean dago. Horrenbestez, beste 13 pertsona daude egun etxean isolatuta.

Osasun Ministerioaren gomendioei jarraiki, Udalak hainbat gune fumigatzen ditu egunero: Ibarrako ikastetxearen inguruak eta barruko patioak; Presape bidea; Zubiaur plaza eta inguruak; Andra Mari egoitzaren kanpoaldea; anbulatorioa eta udaletxea; farmazia, estankoa eta okindegiak; autobus geltokiak, iturriak eta edukiontziak, besteak beste.

Osasun-agintariek ezarritako jarraibideei jarraituz, udal-instalazio guztien erabilera aldi baterako eten da eta taldeko ekintzak bertan behera utzi dituzte. Horrez gain, ostalaritza-establezimenduetan jarduera guztiak bertan behera utzi direla adierazi da –etxez etxeko zerbitzua izan ezik–, baita txokoetan edo elkarte gastronomikoetan, lonjetan eta elizan ere. Irekita egoteko baimena duten lokalek metro eta erdiko gutxieneko segurtasun-distantzia bermatu behar dute.

Bestalde, herritarrei aurrez aurreko arreta emateko udal bulegoak ixtea erabaki du Udalak. Zerbitzuren bat eskatzeko, udaletxeko telefonoetara deitu daiteke, 94 633 96 33 – 85, edo errolda.orozko@bizkaia.org eta alkatetza.orozko@bizkaia.org helbideetara idatzi.

Bizilagunak laguntzeko sarea

Erosketak egiteko edo beste edozein larrialditarako laguntza behar izanez gero, 94 633 96 33 telefono zenbakira deitu ahal da. Sarean parte hartzeko, zenbaki berera deitu edo administrazioa.orozko@bizkaia.org eta alkatetza.orozko@bizkaia.org helbideetara idatzi daiteke.