Albisteak

 

Etxeko Orozkoko olinpiadak deituriko ekimenean 6 gazte lehiatzen ari dira. Moderatzaileek bi egunetatik behin froga bat helarazten diete eta parte-hartzaileek bi egun dituzte burutu duten frogaren bideoa bidaltzeko.

Frogak balioztatzeko, alde batetik, bideoetan froga bakoitzaren baldintzak bete diren ala ez eta, bestetik, erabilitako denbora kontuan hartzen dute. Behin bideo guztiak jasota, parte-hartzaileen sailkapena egingo da eta hori hobetzeko aukera izango dute bideo berriak bidaliz.

Segurtasuna eta pribatutasuna bermatzeko, bideo guztiak era pribatuan bidali dira, posta elektronikoaren edo WhatsAppen bidez. Sailkapena udal webgunera igotzean, izen errealak erabili beharrean, goitizenak erabiliko dira beti.

Lehenengo proba martxoaren 28an jaso zuten eta, aldizkari bat buruan eramanda, hanka batekin bi salto egitean zetzan. Guztira, bost froga egingo dira; aurretik proposatutako 10 frogetatik, erakargarrienak. Laster amaituko dute lehen txanda, baina froga bakoitzeko denbora hobetzeko aukera izango dute.