Albisteak

 

Koronabirusaren hedapenaren ondorioz gauzatu den osasun-krisia dela eta, alarma-egoeran sortutako premia egoerei aurre egiteko araudia onartu du Orozkoko Udalak apirilaren 24ko ezohiko osoko bilkuran, pertsonei eta familiei zuzendutakoa.

Udal eskumenen barruan eta baliabide propioekin, oinarrizko beharrak asetzeko baliabide nahikorik ez duten familiei laguntzeko neurriak hartuko dira. Hori dela eta, 90.000 euroko hainbat laguntza abian jartzea onartu du Udalak, diruzaintzako gerakinaren kargura. Onuradunek baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Laguntzak eskatu ahal izateko, besteak beste, Orozkon bizi behar ziren alarma-egoera indarrean sartu zen unean. Beste baldintza bat, premia sortzen den unean, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) baino diru-sarrera altuagorik ez izatea da -publikoak zein pribatuak-, bizikidetza-unitateko kide kopurua kontuan hartuta.

Pertsona bakar batek osatutako bizikidetza-unitate batean, zenbateko hori orokorrean 693,73 €-koa da gehienez hilean, eta 795,95€-koa pentsiodunen kasuan. Bi pertsonako unitateetan, hilean 890,81€-ko zenbatekoa ezartzen da gehienez orokorrean, eta 994,94€ pentsiodunentzat; hiru pertsonako edo gehiagoko unitateetan, 985,41€ orokorrean eta 1.074,53€ pentsiodunentzat.

Era berean, inolako baliabiderik ez izatekotan, pertsona horiei legokiekeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren urteko zenbatekoa halako lau baino gehiagoko ondarerik ezin dute izan, lotura duten pertsona kopuruaren arabera.

Hala ere, ondare hori izanik, bizikidetza-unitateko kideen arabera DBEa baino zenbateko handiagoa eskudirutan ez dutela frogatzen duten pertsonek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, eta hurrengo urtean itzuli beharko dituzte laguntza guztiak.

Diruz lagunduko diren kontzeptuak

Onartutako araudiaren barruan, honako gastuak estaltzeko laguntza-osagarriak daude jasota: alokairu-, errentamendu- edo azpierrentamendu-gastuak, ostatu-gastuak edo logelen alokairua; kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak; elektrizitate-, gas- edo etxerako bestelako erregai-horniduraren ondoriozko energia-gastuak; altzarien eta etxetresna elektrikoen gastuak; etxebizitzako egokitzapen-, konponketa- edota oinarrizko instalazio-gastuak; ohiko etxebizitza edo bizitokia gozatu eta mantentzeko beharrezkoak direnak eta, azkenik, bizikidetza-unitateko kide baten edo gehiagoren beharrizan primarioei lotutakoak.