Albisteak

 

Ibilbide luzea darama Orozkoko osasun-zentroan erizain gisa herritarrei arreta ematen

Osasun-zentroan lan egiteko modua ezberdina da koronabirusa heldu zenetik?

Ez du zerikusirik. Laudioko, Amurrioko, Okondoko eta gainerako herrietako osasun-eremuan zentro garbiak eta zikinak ezarri dira. Garbiak badira, gure kasuan bezala, esan nahi du ez dela birusa tratatzen, eta, beraz, zentro horiek kutsatu gabe daudela. Telefono bidezko kontsultak asko erabili ditugu, pazienteak zentrora etor daitezkeen edo Laudiora joan behar duten zehazteko. Lehen arreta horiek aurrez aurrekoak ziren; orain, berriz, guztiz kontrakoa izan da, sintomak aldez aurretik artatzen dira telematikoki.

Oztopoekin topo egin duzue?

Abiapuntua da egoera ezezagun batean gaudela, eta etengabeko ikaskuntza hau aberasgarria da. Ia 40 urte daramatzat erizain gisa eta ez dut inoiz bizi izan horrelako esperientzia bat.

Zentzu pertsonalean, zer ikasi duzu?

Zeozer kontrolatu ezin dugun arren, esango nuke beti geratuko zaigula indarra, baikortasuna eta jendearen batasuna. Harreman pertsonalak indartu egin dira, eta ez bakarrik nire inguruan. Ateetatik barrurantz bizi ginen eta pandemia honek elkartu egin gaitu.

Nola daude zure animoak etorkizunari begira?

Etengabe ikasten ari garela uste dut. Zerbaiten hasiera da, eta borrokatzeko prest nago, nire lanaren bidez eta ahal dudan ondoen.