Albisteak

 

Covid-19 birusaren hedapenak eragindako inpaktu ekonomiko negatiboa dela eta, Orozkoko Udalak udal-tasen ordainketa deskontatuko die egoera ekonomiko zailean dauden udalerriko enpresei eta autonomoei, tasa horiek zamak izan daitezkeelako negozioengan gaur egun.

Horrenbestez, alarma egoeraren ondorioz itxi behar izan duten jarduera ekonomikoek ez dute zenbait karga ordaindu beharko 2020ko apirilaren 1etik abenduaren 31ra arte. Laguntza hau jasoko dute alarma egoeraren ondorioz jarduera ekonomikoa geldiarazi behar izan duten saltoki, kafetegi, jatetxe, taberna, industria, langeti, enpresa txiki eta autonomo guztiek.

Zehazki, jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, gutxieneko ur-kontsumoa, zabor-bilketa, estolderia eta saneamendua dira ordaintzetik salbuetsita geratzen diren udal-tasak. Gainera, terrazarako erabiltzen duten espazio publikoa handitzeko aukera eman die Udalak establezimendu guztiei, herritarrek beharrezko distantziak gorde ahal izan ditzaten.

Nabarmentzekoa da, gainera, lehen hiruhilekoko uraren, zaborraren eta estolderiaren tasak ordaintzeko epea uztailaren 31ra arte luzatuko dela pertsona eta jarduera guztientzat. Bestalde, Orozkoko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko, aurreordainketa-bonuen programa bat abian jartzen ari da Udala.

Tasa-salbuespen horiek eta bonuen kanpaina dira Orozkoko Udalak onartzen duen bigarren laguntza-sorta egungo krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko. Apirilaren 24ko osoko bilkuran, 90.000 euroko partida bat bideratzea onartu zen, diru-sarrerarik gabe geratu diren eta oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik ez duten bizilagunei laguntzeko.

Udalak lanean jarraitzen du egoera ekonomikoak eta sozialak aurrera egin ahala laguntza horiek edo beste batzuk egokitzeko edota zabaltzeko.