Albisteak

 

Orozkon Kulturbarikuak ekimenaren barruan martxoan egingo zen “Ez da kasualitatea” bertso saio musikatua maiatzaren 22an, 19:30ean, eskainiko da online, bertsoa.eus webgunean. Ekintza bertan behera geratu zen herrian koronabirus pandemiaren ondorioz.

Saio honetan parte hartzen duten bertsolariak emakumezkoak dira beti. Antolatzaileen esanetan, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez dira kasualitatez egiten, tamalez; hortik ekintzaren izenburua. Emakumez osaturiko bertsolaritza saioak ere kasualitatez, urteko edozein unetan eta pentsatu gabe suertatzea gustatuko litzaieke. Bitartean, intentzio osoz antolatuko dute ekitaldi hau.

Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten saioak online egiteko aukera eskainiko du Bertsozale Elkarteak, baina saio berriak ere egon daitezke. Ekimen honen bidez, bertsolariek saio ordainduak izatea bermatu nahi da.

Villabonako Subijana etxean prestatu dute grabaketa lekua elkarteko kideek, beharrezko osasun neurriak hartuta. Denborarekin herrietatik filmatzeko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera beti ere.

Ekarpena egiteko bideak

Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatuko ditu egitasmo hauek, baina bertsozaleek ekarpena egin ahal izango dute, maiatzaren 2tik aurrera:

  • 688 886 935 telefono zenbakian Bizum bidez;
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean: ES16 3035 0060 43 0600042844 ( BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX )