Albisteak

 

LGTBI pertsonen eguneroko bizitzan dagoen errealitate anitzaren ikusgaitasuna sustatzea da Sentipenak Askatu Festibalaren helburua, aske bizitzeagatik eta euren sexu-orientazioa edota genero-identitatea agertzeagatik paira dezaketen edozein motatako bazterkeria ekiditeko. Hori dela eta, Orozkoko Berdintasun arloak jaialdiarekin bat egin du.

Gizartean aniztasunarekiko eta bizimodu desberdinekiko errespetua bultzatu nahi da ekimen honen bidez. Horretarako, Yogurinha Borova artistak laguntza eskainiko du. Izan ere, bere 'Sentipenak Askatu' abestia Festibalaren oinarria da.

Parte hartu nahi izanez gero, bideo labur bat -gehienez minutu batekoa- filmatu behar da horizontalean, Yogurinha Borovaren abestia oinarri hartuta. Bideoan, dantzatu, abestu, play-backa eta Tik Tok erabili, besteak beste. Garrantzisuena bakoitzaren irudimena askatzea da!

Horrekin batera, festibala Twitter, Facebook eta Instagram  sareetan jarraitu ahal da, bideoa #SentipenakAskatuFestibala traolarekin etiketatuz. Era berean, bideoa bidali daiteke laiaplazara@laiaeskola.eus helbidera zein 600 77 11 83 zenbakira WhatsApp edo Telegramen bidez. Parte hartzeko epea ekainaren 23an amaitzen da.

Parte hartzaileak adin guztietakoak izan daitezke; eta banaka, taldeka zein familian ager daitezke. Adingaberik balego, baimen orria beteta bidali behar da bideoekin batera.

Bideo guztiak LAIAplazaran publikatuko dira, ondorengo estekan: http://www.laiaplazara.eus/aurkezpena/laiartea/sentipenakaskatuzfestibala

 Adingabekoen baimena (PDF 133KB)