Albisteak

 

Genero arteko berdintasuna aitortzen duen udalerria eraikitzea helburu izanda, ahalik eta ondoen lan egiteko konpromiso erreala eta esplizitua hartu du Orozkoko Udalak. Izan ere, 2009an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana onartu zen eta, oraindik ere, udalaren abiapuntuetariko bat da.

2012. urtean plan hori luzatzea onartu zuen udalbatzak, 2013- 2014 urteetarako, alegia. Behin luzapen hori amaituta, 2014an, II. Plana jarri zen abian, eta horixe da gaur egun indarrean dagoena.
 
Orain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana diseinatzeko aldia da. Horretarako, udal Berdintasun Arloak egungo egoeraren diagnostikoa egingo du, lortutako informazio hori landu ahal izateko bigarren fase batean. Horrekin batera, aurreko planaren azterketa eta balorazioa gauzatuko da.

2020. eta 2023. urteen bitartean ezarriko den plan berri horretan udal langileak eta Orozkoko mugimendu eta elkarte ezberdinak -oro har, herritarren ordezkariak direnak- arituko dira elkarlanean, batez ere, hurrengo laurtekorako helburuen ardatz izango diren emakumezkoen taldeekin.

Aipagarria da herritarrekin eta udaleko arlo guztiekin adostuko den prozesu gisa planteatu dela plangintza hau. Herrian parte-hartzea bultzatuz, berdintasunerako baliabideak optimizatzea eta, aldi berean, Orozkok aurre egin behar dien erronkei heltzea da asmoa.

Ekainaren hirugarren astean bilera bat deituko du Berdintasun Arloak, parte hartu nahi duten emakume guztiek Berdintasun Plan berriari buruzko ekarpenak egin ditzaten.