Albisteak

 

Ekainaren 1etik txakurren jabeak kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bultzatuko du Udalak, euren maskotak paseatzen dituztenean jokabide egokia bermatzeko helburuarekin; bereziki, animalien gorozkiak batzeari dagokionez.

Ekimenaren bidez, gainera, hiriguneetan paseatzen ari diren bitartean maskotak behar bezala lotuta eramateko betebeharraz sentsibilizatu nahi dira herritarrak. Arriskutsuak izan daitezkeen katalogatutako txakurrak uhal motzarekin behar bezala lotuta eta dagokion muturrarekin joatea nahitaezkoa dela azalduko da, baita eskatutako dokumentazioa eraman behar dutela ere.

Helburua da bizikidetzaren alde egitea espazio publikoetan eta, aldi berean, indarrean dagoen araudia betetzea. Horretarako, txakurren jabeei jakinaraziko zaizkie euren betebeharrak.

Udaltzaingoak paper garrantzitsua du kanpaina honetan, ekainaren 15era arte indarrean egongo dena. Izan ere, ordenantzari buruzko informazioa eman ondoren, herriko agenteek arauak betetzen direla ziurtatuko dute eta, beharrezkoa izanez gero, zigorrak ezarriko dituzte.