Albisteak

 

COVID-19 pandemia dela eta aurtengo Sanantolinak modu berezian ospatuko diren arren, Antolinzaleak jai batzordeak jai berezi hauek iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Udalarekin batera.

Txapelketaren irabazleak 300 euro jasoko ditu sari gisa aurten; bigarren sailkatuak, berriz, 150 euro. Bestalde, haurrentzako saria (14 urtetik behera) 100 euroko balioa duen pintura materiala izango da.

Lanak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 17an amaituko da, egun hori barne. Kartelak sinatu gabe eta atzealdean goiburu bat idatzita aurkeztuko dira. Aurrez aurre aurkeztu edo posta ziurtatuaren bitartez bidali ahal da ondorengo helbidera: Induma Gazte eta Kultura Informazio Gunea (Zubieta etorbidea 16, 48419 Orozko).

Bide honen bidez eginez gero, beharrezkoa da lanak gutun-azal batekin batera bidaltzea. Horretan, lema idatzi beharra dago bakoitzaren kategoriarekin batera (haurren kategoria: 14 urtetik beherakoak, horiek barne; helduen kategoria: 15 urtetik gorakoak). Era berean, folio bat sartu behar da honako datu pertsonal hauekin: izen-abizenak, NANa, helbidea, harremanetarako helbide elektronikoa eta telefono zenbakia.

Era berean, proposamenak infoinduma@yahoo.es helbidera bidaltzeko aukera izango dute orozkoarrek, artxibo bat erantsiz hurrengo informazioarekin: goiburua edo obraren izenburua, egilea (izen-abizenak), NANa, helbidea, telefono-zenbakia eta harremanetarako helbide elektronikoa.

Lanen aurkezpena

Lehiaketa honetan 2020ko maiatzaren 4tik udalerrian erroldatuta dauden herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Kartelek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute, eta ez dira beste lehiaketa batean aurkeztu edo saritu.

Teknika librea da (pintura, marrazkiak, collagea, argazki-muntaia...); formatuak, berriz, honako hau izan behar du: DIN A3 bertikala eta 420 x 297 mm-koa, nahi bada euskarri gogorrean, Nahitaez sartu beharreko testua "Orozkoko Sanantolinak 2020. Irailaren 1etik 6ra" da.

Lehiaketaren oinarriak albiste honetan erantsitako dokumentuan kontsulta daitezke.