Albisteak

 

Orozkoko Udalari zuzendua

Covid-19ko pandemiaren denboralea baretu den honetan, Orozkoko osasun- zentroko langileok denbora pixka bat izan dugu hausnartzeko.

Atzean utzi ditugu lan nekaezineko, egun gogorreko, kezkaz beteriko eta zalantza askoko hilabeteak. Gure helburu nagusia beti izan da jendea babestea, batez ere, zaurgarriena, kutsatzeko arrisku handiena zuena, ahultasun handiena zuena edo patologia arriskutsuenak zituena. Horretarako, etengabe egin behar izan dira etxeetara joan-etorriak, jarraipen espezifikoak, dei etengabeak, eta abar.

Pertsona askok ahalegin handia egin dute guri laguntzeko eta babesa emateko, eta horregatik, esker oneko hitz batzuk esan nahi ditugu:

Eskerrik asko, Iratxe Pikaza, egunero gure jantziak jasotzeagatik, tindategira eramateagatik eta gure lantokira garaiz itzultzeagatik.

Eskerrik asko Udaleko brigadako langileei, lanean egon barik ere, azkar jokatu zenutelako guri gerta lekigukeen edozein matxuraren aurrean.

Eskerrik asko Iñaki Altunari, gure beharrizanen inguruan izan duzun etengabeko interesagatik.

Eskerrik asko, Pedro Mari Intxaurraga, zentroko kontuez eta orozkoar guztien osasun-egoeraz arduratzeko egin dituzun eguneroko deiengatik.

Boluntarioen sareari, eskerrik asko, laguntza behar izan duen jendearekin eta gurekin elkarlanean aritu zaretelako.

Eskerrik asko, Martín Valiente, 3D inprimagailuarekin egin zenizkigun pantailengatik.

Udalari, haurreskolari eta hainbat partikular anonimori, eskerrik asko, etengabe falta zen materiala ekartzeagatik; eskuak lehortzeko papera, maskarak, eskularruak, desinfektatzailea...

Eskerrik asko bide honen amaierara ez garela heldu ulertu duzuen guztioi. Oraindik ezin dugu gaixotasun hau sendatu. Arduratsuak eta kontzienteak izaten jarraitu behar duzue, kutsatzeko arrisku handiena duten pertsonei kalterik ez egiteko. Bizitzak jokoan daude.

Nahi genuke hitz horiek Udaleko komunikabideetan argitaratzea (Orozko Gaur, sare sozialak, web orria), gure esker ona ahalik eta gehien zabaltzeko.

Eskerrik asko bihotzez.

OROZKOKO OSASUN-ZENTROKO LANGILEAK