Albisteak

 

Orozkoko Udaleko Ongizate Arloak udalerriko adinekoen beharrei erantzuten jarraitu du, COVID-19aren arrisku-taldeetako bat osatzen baitute.

Osasun-krisiaren hasieran, laguntza behar izan zezaketen adinekoen zerrenda bat lortu zen udal-erroldatik. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako administrariak zein hezitzaileak harremanetan jarri ziren pertsona horiekin telefonoz, elikagaiak edo sendagaiak erostea bezalako ekintzen bitartez laguntza eskaintzeko. Horretarako, boluntario talde batekin nahiz Gurutze Gorriko taldearen laguntza izan dute.

Bestalde, Nagusilagunen izena emanda dauden herritarren jarraipena egin du programa horren psikologoak. Aipatzekoa da programazio horrek geldirik jarraitzen duela, birusa prebenitzeko neurri gisa.

Elikagaien banaketa

Laguntza behar zuten familientzako menu osoak banatu ditu Udalak ekainetik, astelehenetik ostiralera, Tubacexen dohaintzari eta Gurutze Gorriaren laguntzari esker. Guztira, herriko 9 familiatako 21 pertsonak jaso dute laguntza hori.

Elikagaien bankuaren hileroko banaketari dagokionez, 27 familia erabiltzaile izan dira, 83 pertsona guztira. Gurutze Gorriak, bestalde, beste elikagai banaketa bat egingo du hilabete honetan.