Albisteak

 
Laugarren urtez jarraian, Arabako Foru Aldundiak Aiaraldean sustatutako Laia Eskola programan parte hartuko du Orozkoko Udalak eta gaur aurkeztu ditu datorren ikasturterako programatutako jarduerak. 2020-2021 ikasturtearen aurkezpen ofiziala irailaren 15eko goizean izan da, Arespalditzako Emakumeen Gelan. Ekitaldi honetan, eskualdeko udal guztiak aritu dira; besteak beste, Pedromari Intxaurraga Sautua alkatea izan da Orozkoko ordezkaria. Espazio parte-hartzailea, irekia eta, batez ere, berdintasunezkoa da Laia Eskola. Emakumeak ahalduntzeko prozesuak bultzatzea du helburu, haien partaidetza soziopolitikoa indartuko duten tresna eta dinamiken bitartez.

Aldi berean, berdintasunaren alde lan egiten du, oro har, emakume eta gizonekin batera. Laia Eskolaren proiektuaren barruan, emakumeen egungo beharrei erantzutera bideratu du Orozkok aurtengo egitaraua, COVID-19tik eratorritako krisiaren testuinguruan baliagarriak baita. Izan ere, birusaren lehen olatuak eragindako ondorioak kontuan izanda, honako gaiak mahaigaineratu ziren: Nortzuei eragingo die gehien familia-plangintzarako metodo segururik ez izateak? Nortzuk izango dira lanaldia (telelana) eta umeen heziketa bateratzeko orduan zailtasun gehien izango dituztenak? Nortzuek izango dute zaintza ardura-karga handiagoa beste konfinamendu posible batean? Galdera horiek oinarri hartuta, Cristina Zabaletaren tailerra hautatu zuen udal Berdintasun Sailak. "Gestión de tu tiempo y teletrabajo, ¿concilias en tiempos de Coronavirus?" izenburupean, hainbat estrategia ezagutuko dituzte Aiaraldeko emakumeek denbora modu eraginkorrean planifikatzeko.

Kultur Etxean eskainiko da, otsailaren 2tik martxoaren 2ra. Aurten, gainera, urriaren 31n Maitena Monroyk Orozkon burutuko duen autodefentsa feministako tailerrak ikuspegi berria izango du. Aurreko edizioetan baino neska gazteagoentzat bideratuta egongo da, 10 eta 14 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere. Jarduera-programa osoa erantsitako PDFan ikus daiteke. Informazio gehiago jasotzeko edo zalantzarik izanez gero, Orozkoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko aukera dago. Horretarako, berdintasun.orozko@bizkaia.org helbidera idatzi edo  946 33 98 22 telefonoan.


Laia Eskola (PDF 676KB)