Albisteak

Museoa 

Orozko, 2013ko otsailak 8.- Orozkoko Museo Etnografikoak eta Gorbeiako informazio-puntuak 5.624 bisitari izan zituen 2012an. Datuak positibotzat jo daitezke, kontuan izanda 2011n baino % 5,3 bisitari gehiago izan direla. Ekainean izan zen bisitari kopuru handiena: 757 lagun. Ondoren, urrian, 736 bisitarirekin eta abenduan 678. Bisitari gehienak Bizkaikoak izan dira, baita Araba eta Gipuzkoakoak ere. Madriletik, Kataluniatik edota Gaztela eta Leonetik etorritako turistak ez ezik, Italiatik, Frantziatik, Argentinatik edo Perutik etorritako nazioarteko turistak ere izan dira.   

Museo Etnografikoak hainbat toki-elkarteren erakusketak programatu zituen 2012an: Matxintxu Emakumeen Elkartea, Agate Deuna abesbatza, Ibaialde, Margolaritza Eskola edo Induma elkartea. Soiartze Alday, Antonio Aldama, Floren Usia, Igone Salaberria edo Enkarni Zuluetaren erakusketak ere programatu ziren. Horiez gain, beste hainbat ekimen ere nabarmendu behar dira izandako arrakastagatik: Orozkoko Gorbeiaren Inguruko II. Jardunaldiak, «Orozko, mendietan duzun museoa», Mikologiari buruzko Jardunaldiak, Orozkoko Txirrindularitza taldearen 25. urteurrena edota Olentzeroren bisita Gabonetan.

Orozkoko Etnografia Museoa Legorburu jauretxean dago. Kareaga Etxea izenez ere ezagutzen den XVIII. mendeko eraikin bikain hau udalerriko plaza nagusian dago, udaletxetik metro gutxira. Eraikinean museoa eta turismo informazio-gunea daude. Hurbiltzen diren bisitariek argibideak jasotzen dituzte turismo informazio-gunean, inguruak ezagutzeko.

Hurrengo erakusketa

Otsailaren 15etik martxoaren 3ra bitartean, Orozkoko Museoak aerografoarekin egindako pintura erakusketa programatu du. Teknika hau hobeto ezagutzeko, artistak berak erakustaldi bat egingo du zuzenean, martxoaren 1ean 17:00etan.