Albisteak

 

Udal futbol zelaiko berdegunea aldatzeko lanak joan den astelehenean, urriak 24, hasi ziren. Eguraldiak laguntzen badu, lau aste igarota lanak amaituta egotea espero dela esan du Josu San Pedro.

Aldaketaren funtsezko arrazoia lehengo zelaiaren antzinatasuna da, 19 urte zituen eta azken boladan arazo fisikoak sortzen hasia zen. Aldaketa aurrera eramateko konkurtso publiko bat atera da 149.000 euroren truke (BEZa barne); enpresa irabazlea Mondo Ibérica izan da 145.200 euroko eskaintzarekin. Enpresa zaragozar hau, Mondo konpainia italiarraren menpekoa, nazio mailan ezaguna da kirol hornikuntzan eta zoladuran egiten duen lanagatik.

Berdegune berria kautxuzkoa izango da, materia organikoarekin (kortxoa) nahastuta. Horretaz gain, aldaketak hainbat hobekuntza ekarriko dituela iragarri du alkateak: Futbol 7 eta Futbol 11n jokatzeko ateen hornitzea, ateen atzean baloiak gelditzeko sareak jartzea, markagailua, aulkiak, etab.