Albisteak

 

Orozkoko Udalak herritarren artean 2013ko udal-aurrekontuak egiteko proposamenak jasotzeko prozesua abian jarri du. Ekimen hau udal-gobernuak martxan jarritako prozesu parte hartzailearen barruan dago eta bere helburua etorkizunean herri-partaidetza ordenatuko duen araudi bat egitea da. Hasiera baten, auzoetan zazpi bilera antolatu dira, esku-hartze prozesua azaltzeko eta auzotarren ideiak jasotzeko.

2012an ere gobernu-taldeak herritarren ekarpenekin aurrekontuak diseinatu zituen eta lortutako arrakasta ikusita, Udalak parte hartze prozesu hau berriro ere ireki du. Ideien ekarpenak emateko gobernu lokalak aurtengo egoera ekonomikoa kontutan izateko eskaria egin du, proiektu handiak bideraezinak direlako. Hala ere, aurrekontu txikiko proiektu asko bideragarriak direla gogorarazten du. Gainera, herritarrek joan den urtean proposatutako ideia asko egia bihurtu direla gogorarazten dute: Gaztetxokoko zerbitzuaren egokitzea, Zubiaurreko plaza oinezkoentzat bakarrik izatea, ikastaroen eskaintza, Laudioko Garbigunearekin hitzarmena, herriko jaiak antolatzeko batzordearen sortzea, eta abar.

Orozko hobetzeko ekarpenak urtarrilaren 20a baino lehen entregatu daitezke etxeetan banatu diren kupoien edo errolda.orozko@bizkaia.org mailaren bitartez.