Albisteak

 
Gaur bukatzen da Orozkoko udaletxearen barruan eta kanpoan estatu bandera ofiziala jartzeko epea. Udalak Bilboko epaitegiak inposatutako neurri hau beteko du.Udal gobernuak inposaketa honen kontrako iritzia azaldu du demokraziaren kontrako kanpoko sinbolo baten inposaketa delako. Gobernuaren ustetan, orozkoarrek ez dute eskatu bandera hau eta egun tristea suposatzen du, orozkoarren iritziaren kontrako neurria bait da.

Pasadan 2011. urteko abenduaren 2an, Gobernuko Ordezkaritzak Orozkoko Udalarekin kontaktuan jarri zen, espainiar estatuko bandera udaletxean jarrita ez zegoelako. Adierazpenak zioenez, 39/1981 legearen arabera banderaren presentzia edozein udal eraikinetan beharrezkoa da. Bandera jartzeko hilabete bateko epea eman zioten Orozkoko Udalari.

2012ko otsailaren 13an, estatuko abokatutzak helegitea jarri zuen Orozkoko Udalaren kontra banderen legea ez betetzeagatik. Urte bat geroago, 2013ko urtarrilaren 31n, epaitegiak helegitea berretsi zuen eta sententzia oraindik ofiziala ez den arren, espainiar bandera udaletxearen kanpoaldean eta barruko lehentasunezko tokian jartzera kondenatu dute Orozkoko Udala.