Albisteak

 

Orozkoko Udalak 2012ko kontuen emaitzak orekatzea lortu du, 40.000 euro aurreztuta. Diru-kopuru hori udal-langileen aparteko ordainsariari dagokio, Rajoy presidentearen legeak aginduta ez baitira ordaindu. Diru hori erreserbatuta dago, etorkizunean ahal den momentuan ordaintzeko.

Diru-sarrerak murriztu badira ere, posible izan da emaitza positiboa lortzea. Murrizketa horren arrazoiak, batez ere, hauek dira: batetik, krisia, eraikuntzaren gaineko zergak diru gutxiago ekarri baitu, eta, bestetik, iraungitako obra-lizentzien dirua egokitu beharra (120.000 euro zergatan). 2010ean hainbat obra-lizentzia eskatu ziren, baina azkenean lan horiek ez dituzte egin. Horrenbestez, hasiera batean aintzat hartuta zegoen zenbateko hori erretiratu egin behar izan da 2012ko aurrekontuetatik.

Horrez gain, kontuak orekatzeko eta defizita murrizteko, hainbat partidatan gastuari eustea erabaki da, baina betiere lehendik martxan dauden udal-zerbitzuetan murrizketarik egin behar izan gabe. Era berean, aurreikusitako inbertsioak aldatu egin dira, guztira 448.000 euro: Urigoiti ingurua egokitzea, eskola eta haurreskola berritzea, eta udaletxeko zein araztegiko teilatuak konpontzea.