Albisteak

 

Orozkoko Udalak 12 urtetik gorako gazteentzako jardueren aldeko apustua egin nahi du, adin-tarte horretan, eskaintza oso txikia baita. Hala, 12 eta 17 urteko gazteentzako abentura anitzeko udalekuak antolatuko ditu aurtengo udan, Nerbioi Garaiko beste udalerriekin batera. 1.000 euro bideratuko ditu ekimen horretara, eta udalekuetako plaza bakoitzaren guztizko prezioaren % 41 diruz lagunduko du.

Gazteentzako abentura anitzeko eskaintza bi taldetan banatuko da. Lehenengoa 1999 eta 2001 urteen artean jaiotako gazteei zuzendutakoa izango da, ekainaren 24tik 28ra bitartean. 1996 eta 1998 urteen artean jaiotakoentzako udalekuak, berriz, uztailaren 1etik 5era bitartean izango dira. Lehenengo astearen kasuan, prezioa 90 euro izango da; bigarrenean, 95. Udalekuetan, gazteek hainbat jarduera egingo dituzte, hala nola espeleologia, rappela, tirolina, eskalada, kayak, arroil-jaitsiera, zubi-saltoa, surfa, lentan egitea edo piraguan ibiltzea. Abenturazko kirol horiek Araban –Murua, Bitoriano, Landa, Antoñana edo Kanpezu herrietan– eta Bizkaian –Lekeitio, Ondarroa, Sopela nahiz Gorlizen– egingo dira.

Izena emateko epea maiatzaren 20an irekiko da eta 31n, ostirala, amaitu. Informazioa jasotzeko eta izena emateko, jo Induma informazio-bulegora (Zubieta etorbidea, 16) edo deitu 94 633 99 45 telefonora. Bulegoa astelehen eta asteazkenetan dago irekita, 16:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan ere bai, 9:00etatik 14:00etara. Plaza-kopurua mugatua da, hortaz, udalak erreserba ahal bezain laster egitea gomendatzen du.