Albisteak

 

Orozkoko Udaleko gobernu-taldeak aurtengorako finkatu dituen lehentasunezko helburuak eta proiektuak azaldu nahi ditu, gardentasun-planaren barruan. 30 ekintza zehatz baino gehiago dira, datozen hilabeteetan udalerria hobetzeko xedea dutenak; haietako askok herritarren partaidetzarako kanalen bidez jasotako eskaeretan duten jatorria.

Orozkoko alkate Josu San Pedrok hauxe adierazi du: «Herritarrek eskubidea daukate zertan ari garen eta zer proiektu abiarazi nahi ditugun jakiteko; horregatik, gure ustez garrantzitsua da ekintzak gauzatu aurretik jakinaraztea, eta ondoren kontuak ematea. Hartarako, iaz egin genuen moduan, urtearen bukaeran Donibane aretoan elkartuko gara guztiok, zer egin dugun eta zer egin ez dugun azaltzeko, eta zergatiak jakinarazteko».

Udal-kudeaketaren barruan jada abian diren proiektuen eta helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: ez zorpetzeari lehentasuna ematea, egungo zerbitzuei eutsita; barne-kudeaketa hobetzea, erantzunak azkarrago emateko, eta udal-baliabideak optimizatzea, herritarren parte-hartzea bultzatuta; batez ere, auzo-biltzarrak sendotuz eta partaidetzarako dinamika egonkorra sortzen saiatuz.

Hirigintzaren atalean, udal-taldeak auzoetako azpiegiturak hobetzen jarraitu nahi du; zehazki, Katadiora edateko ura eramango du, eta Zubiaur plazako zorua konponduko. Horretaz gain, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak arautzen dituen H araua aldatu nahi du, era horretako ustiategiak ezartzea errazagoa izan dadin. Halaber, auzo-biltzarretan proposatutako oinarrizko hirigintza-premiei erantzuna eman nahi die.

Ingurumenarekin lotutako ekintzei dagokienez, Tokiko Agenda 21 abiarazi da Orozkon; bertan, datozen zortzi urteetan udalerrian jasangarritasunaren arloan garatu beharreko jarduketak daude finkaturik. Eskolako Agenda 21 ezartzea ere bultzatu nahi du udal-taldeak, eta natura-baliabideak aurrezteko eta ingurumena zein espazio publikoak errespetatzeko kontzientziazio-kanpainak egiteko asmoa du.

Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien arloan, lehen sektorea bultzatzen jarraituko du, eskualde-plana babestuz, herri-larreen kudeaketa udal-ordenantzara egokituko du, eta lur horiek banatzeko irizpideak abeltzainen elkartearekin batera eguneratuko ditugu. Baratze ekologikoen proiektu bat abiarazteko asmoa ere badu.

Gizarte-zerbitzuak eta kultura
Gizarte- eta osasun-zerbitzuei dagokienez, gobernu-taldea Orozkoko kontsultategian pediatra bat izateko ahaleginak egiten ari da, eta «Denboraren Bankua» izeneko proiektua martxan jartzeko lanean ari da.

Kulturaren, hezkuntzaren, euskararen eta gazteriaren arloan, berriz, eutsi egingo zaie esparru horietako taldeei bideratutako laguntzei; horretaz gain, hobetu egingo dira diru-laguntzak emateko izapideak, eta indarreko araudira egokituko. Orobat, Euskal Eskola Publikoa babesten jarraituko du udal-taldeak, eskolarekin eta Gurasoen Elkartearekin koordinatuta.

Beste alde batetik, etengabeko prestakuntzarako eta lanbide-heziketarako ikastaroak eskainiko dira, San Antolin Jai Batzordea modu ofizialean eratuko da, eta Euskara Planean ezarritako ekintzak abiaraziko dira, Erdu euskara-taldearen eta herritarren laguntzarekin. Gutxienen kirolei ere bultzada berezia emango die udal-taldeak.

Tokiko gobernuaren beste helburuetako bat turismoa bultzatzea da. Hartarako, Museoarekin eta Gorbeialde elkartearekin lankidetzan jarraituko du. Halaber, tokiko ekoizleen lana babestu nahi du, haien produktuen salmenta sustatzeko, eta udal-webgunearen eta Interneten bidez Orozkoren erakargarritasun turistikoa sendotu.