Albisteak

 

Orozkoko Joseba Arrizabalaga eta Joritz Arbaiza izan ziren irabazleak maiatzaren 26an Orozkoko Donibane Aretoan egin zen Orozko-Ugao Zuztarluze norgehiagokaren finalean. Behin betiko fasean herri bakoitzetik bi bikotek parte hartu zuten. Ugaotarrek ondo ekin zioten norgehiagokari, gure herriko bikote biek aurrea hartu baitzuten lehenengo proba bietan. Hala ere, Orozkokoek, zuhur, “Ni bizi naiz baserrian” proba baliatu zuten aurrea hartzeko finalaren amaiera arte.
Orozko-Ugao Zuztarluze I. norgehiagoka honetan herri biotako Lehen Hezkuntzako 5.  eta 6. mailako ikasleek hartu dute parte. Zuztarluze egitasmoak Nerbioi-Ibaizabal haraneko zenbait udal hartzen ditu (Arakaldo, Arrakundiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta, duela gutxi, baita Zaratamo ere), eta proiektu erkide bezala sortu zen, herri-ondarea batzeko.
Hainbat proba dituen joko interaktiboa da, eta, horren bidez, gure arbasoek erabiltzen zituzten esaerak, berbak, baserri-, ibai-, baso-, iturri-izenak, tresnak eta ohiturak, abestiak eta bertsoak ezagutzera eman eta gizartean zabaldu nahi dira.
Laugarren probaren ostean, Ugaoko bikote biak kanporatuta geratu ziren, eta, puntuazio berdintsuarekin, dena irekita geratu zen azken bi erronketarako. Azken probetan Joseba eta Joritz finago aritu ziren Enaitz eta Oneka baino.
Josu San Pedro Orozkoko alkateak eta Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak banatu zituzten irabazleentzako txapelak eta finaleko lau bikoteentzako gainerako sariak, giro ederrean.
Eta horrela gelditu ziren markagailuak:
1. JOSEBA ARRIZABALAGA DUÑABEITIA eta JORITZ ARBAIZA AMUNDARAIN: 23.353 puntu
2. ENAITZ URIARTE ETXEBARRIA eta ONEKA IZARZELAIA ARAMENDI: 21.039 puntu
3. XABIER AIERDI BECERRA eta ANDOITZ FERNANDEZ EGUILUZ: 14.263 puntu
4. IRUNE ZARATE BECERRA eta INES HERNANDEZ GARCIA: 14.136 puntu