Albisteak

 
Orozkoko Udalak jarduera-egitarau zabala antolatu du, hurrengo astebururako, San Joan eguna dela eta. Ekitaldi nagusia bertako produktu eta eskulangintza azoka izango da, hilaren 22an, zapatua, 10:00etatik 14:30era, Zubiaur plazan. Herriko bederatzi ekoizle eta eskulangilek parte hartzea espero da; ogia, gazta, euskal pastela, eskuz egindako marmeladak eta txakolina eskainiko dute; han izango dira zura eta larrua lantzen duten eskulangileak eta krema naturalak egiten dituztenak ere. Josu San Pedro herriko alkateak honako hau adierazi du: «azoka honen xedea gure ekoizleak eta produktuak ezagutaraztea da, berorien lana eta kalitatea nabarmentzea». Azokaren barruan programatutako ekitaldien artean, aipatzekoa da, Bizkaibarne upategiak eta Udalak antolatuta, bertako produktuak eta txakolina dastatzeko aukera, 12:30etik aurrera.

Zapatuan bertan, 9:00etan hasita, gama altuko ibilgailuen erakusketa bat egongo da: OME – Orozko Motor Elkarteak antolatuta, luxuzko 60 auto inguru egongo dira ikusgai. Zapatuko ekitaldi-egitaraua osatzeko, kontzertua antolatu du Agate Deuna abesbatzak, elizan, 20:30ean. Honako hauek abestuko dute: Urduñako Sociedad Coral delakoak, Bilboko Gaudemus Hodie abesbatzak eta Orozkon bertako Agate Deunak.

Ekitaldiak barikutik (21) hasita
San Joan jaietako ekitaldiak barikuan (21) hasiko dira, 17:30ean, ordu horretan jokatuko baitira pilotalekuan Olgetan elkarteak antolatutako tokiko pilota txapelketaren finalak. Txapelketak igandean (23) izango du jarraipena, ordu berean, 17:30ean. Igande ilunabarrerako berriz (21:30), erromeria bat antolatu da, Haitzama taldearekin, Zubiaur plazan. Gero, 22:30ean, Pirulo erreko dute Hegoalden eta su artifizialak izango dira toki berean. Suen ondoren, dantzaldia izango da berriro Haitzama taldearekin. Astelehenean, hilak 24, San Joan eguna, ohiko meza izango da parrokian, 12:30ean.