Albisteak

 

Zezenak plazan aurkeztuko dira tiraderatik ateratzearen ohitura
berreskuratuz

Garrafen Lehiaketa ere nabarmendu behar da

Orozko, 2013ko abuztuak 28.- Ostiralean hasiko dira Orozkoko San Antolin jaiak. Abuztuaren 30etik irailaren 4 arte ekintza mordoa izango dira. 19:00etan jaurtiko da txupina. Aurten, Supelaur elkartea izango da festetako pregoilaria. Ondoren, eskupilota partidek, bertso-saioak eta musika kontzertuek hartuko diote lekukoa. Frontoian Olgetan pilota elkarteko gazte eta beteranoak ariko dira. Bertsotan, aldiz, Uxue Alberdi, Igor Elortza eta Etxahun Lekue. Gauean, ordea, Hilbete, Kasernarat, Legeak sutan eta Ero taldeek joko dute.

Abuztuak 31, umeen eguna, marmitako txapelketarekin hasiko da. Hala ere ez da izango eguneko lehiaketa bakarra, pintura txapelketa, mozorroena eta irrintziena ere egingo baita. Umeek, jolas-parkea eta kukaña izango dute. Eta, haurrentzako bazkari herrikoiaren ostean Kalakaren eskutik zurezko jokoak. Gauean, aldiz, Canteca de Macao eta Izargi taldeak kontzertua eskainiko dute.

Jubilatuen egunean, irailak 1, zekorketak izango dira protagonista. Mezaren ostean, zezenak plazara atera eta kolokioa egingo dute. Orain dela 30 urte egiten zen zezenak tiraderatik ateratzearen ohitura berreskuratu nahi izan da aurten. Hurrengo egunean zekorketan parte hartuko duten zezenak plazan aurkezten dira. Baita jubilatuen bazkaria eta Arizgoiti taldearekin dantzaldia ere egongo da igandean.

San Antolin eguna

Astelehenean izango da jaietako egun nagusia, San Antolin eguna. Urtero bezala, garrafa lehiaketa egongo da. Eta, zekorketa, kalejira, Joselu Anaiekin erromeria... Irailaren 3an, 19:30etatik aurrera umeentzako piñata eta jai mexikarra egongo dira.

Irailaren 4ean amaituko dira Orozkoko jaiak. Ez, ordea, edonola. 12:00etan "jokopoteoa" egongo da, 15:00etan herri bazkaria eta arratsaldean errekortadoreak. Gauean, berriz, Honat taldearekin dantzatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.