Albisteak

 
Duela gutxi, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek etxeko hondakinen zati organikoa batzeko zerbitzu berria jarri du martxan eskualdeko zazpi udalerritan, bosgarren edukiontziaren eta autokonpostajearen bitartez.
 
Interesa dutenek gaikako bilketa honen helmuga, tratamendua eta emaitza bertatik bertara ezagutu ahal izan dezaten, bisita antolatu da Bizkaiko Konpostegira.
 
Bisita azaroaren 28an (ostirala) izango da, 16:00etatik 17:00etara. Autobus bat jarriko da joan-etorrirako. Autobusaren geltokiak aldez aurretik zehaztu eta jakinaraziko dira, izena eman duen jendearen arabera. Plaza-kopurua mugatua da, lekuak bete arte. Azaroaren 25a (asteartea) baino lehen eman behar da izena, mezu elektroniko honi erantzunez eta izena eta telefono-zenbakia adieraziz; bestela, telefono honetara deitu behar da: 94 671 26 99.
 
Informazio gehiago
 
Landare-jatorriko hondakin organikoen Konpostegia 2011ko urtarrilean jarri zen martxan, eta 14.000 m2-ko azalera dauka. Konpostegia Artigako hondakindegi kontrolatutik berreskuratutako lursailetan dago. Bizkaian sortutako landare-jatorriko materia organiko konpostagarria tratatzeko dago diseinatuta. Materialen jatorriaren iturriak hiru dira: 1) Garbikerrek kudeatutako 23 Garbiguneetan edo lorezaintza-enpresek sortutako inausketen hondarrak; 2) saltoki handietan eta azoketan jaso diren eta giza kontsumorako egokiak ez diren frutak eta barazkiak; eta 3) etxe partikularretako landare-jatorriko materia konpostagarria, bosgarren edukiontzian jasotakoa. Planta horrekin eta txikiagoak diren beste batzuekin, urtean 30.000 tona konpostatzeko asmoa dago, hau da, Bizkaian sortutako lehen mailako hondakinen %4.