Albisteak

 

Orozkoko Udala, Nerbioi Goieneko udal guztietako ordezkari politikoek, udalerrietako teknikariek, kontsumitzaileek eta ekoizleek, eta esku hartzen duten beste agente batzuek osatzen dute Tokiko Elikadura Batzordea. Batzordearen helburua da eskualdeko elikadura-autonomia areagotzea, eskualdean elikadura-zikloak ixtea ahalbidetzeko, eskualdeko ekoizpen-aukerei balioa emateko, enplegu-esparru berriak identifikatzea eta sortzea ahalbidetzeko, eta eskualdeko erakundeen ad intra eta inter kooperazioa areagotzeko. Bada, batzorde horrek eskola-jantokietako elikadurari buruzko jardunaldi baterako deia egin du: datorren ostegunean izango da, maiatzaren 21ean, 19:00etan, Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan.

Catering bidez kudeatutako zerbitzuen parean, eskola-jantokietako autogestio-ereduaren alde lanean dihardugu hainbat urtez, menuak tokiko produktuekin, hein handi batean produktu ekologikoekin, egin daitezen. Horrekin, gure seme-alabek elikadura osasuntsua eta orekatua izatea lortu gura dugu, eta, era berean, tokiko ekoizleen eta merkatarien ekonomia sustatzea eta inguruan lana sortzea.

Euskadin eta beste herrialde batzuetan martxan jarritako esperientziek erakusten dutenez, tokiko elikagaietan oinarritutako eskola-menuak ez dira garestiagoak enpresa handiek kudeatutako catering-zerbitzuak baino. Ildo horretatik, lortu da Eusko Jaurlaritzak irailetik aurrera proiektu pilotu bat abiatzea tokiko produktu ekologikoekin egindako menuak eskaintzen dituzten eskola-jantokiekin. Proiektua, besteak beste, Urduñako Eskola Publikoan probatuko da. Hori dela eta gonbidatu ditugu Iñaki Lazarobaster parlamentaria, eskola publikoetako jantokietan proiektua sustatu duena, eta Marijo Imaz, Urduñako Udalaren Ekoizpen zerbitzuko teknikaria, egitasmo ezberdinak garatu dituen zerbitzua, besteak beste Urduñako udal sukaldea.. Proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkigute, bai eta proiektuak zer onura dituen eta eskola-jantokietako elikadura hobetzeko zer pauso eman behar diren ere.
Jardunaldia jende ororentzat antolatu da, baina, batez ere, eskualdeko ikastetxeentzat eta gurasoen elkarteentzat. Helburua da tokiko ekonomiaren pizgarri diren tokiko produktu ekologikoetan oinarritutako menu osasuntsuak eta orekatuak eskaintzen dituzten eskola-jantokiak sustatzea.

(Hizlariekin harremanetan jartzeko telefono-zenbakiak, jardunaldiari buruzko elkarrizketetarako: Iñaki Lazarobaster 638737353 eta Marijo Imaz  685757658)