Albisteak

 
Azaroaren 23tik Euskaraldian murgilduta dago Euskal Herria, baita Orozko ere. Ekimen hori Euskararen egunean, abenduaren 3an, bukatuko da. Hala ere, abenduaren 2an Aiaraldeko Euskararen Eguneko jaia egingo dute Laudion, herriak Urduñaren lekukoa hartuko baitu aurten.

11:00etan elkartuko dira Laudion eskualde osotik bertaratutako Ahobizi eta Belarriprestak eta kalejirak egingo dituzte plazaraino. Berbodromo erraldoiak eta bestelako animazio jarduerak eta zozketak egongo dira Laudion goizean zehar. 14:30ean egingo dute bazkaria eta arratsaldean beste hainbat proposamen izango dira: haurrentzako jolasak, dantzaldiak eta bakarrizketak, besteak beste. 18:00etatik aurrera, ordea, musikaren txanda izango da, izan ere, Ze Esatek! eta Lehian erromeria igoko dira taula gainera. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatu du jaia eta eskualdeko herritar guztiei bertaratzeko gonbita luzatu nahi die.

Herri bazkarirako tiketak (5€) azaroaren 29ra arte salga daude Induman eta hurrengo saltokietan: Itxina, Arrugaeta, Donde Segundo eta Ezpelabarri.

Kartela (JPG, 329 KB)