Albisteak

 

Tokiko Agenda 21 udalen plangintza-tresna bat da, udaletako politika sozialak, ekonomikoak, lurraldetakoak eta ingurumenekoak garapen jasangarrirantz bideratzeko erabiltzen dena. Dagoeneko amaitu da Orozkoko Agenda 21eko lehenengo ekintzaplanaren indarraldia, eta orain prozesu osoa berrikusten hasi gara.

Udalak sakon aztertu du udalerriaren gaur egungo egoera alor guztietan: gizarte ekitatea, zerbitzuak, garapen ekonomikoa eta enplegua, inguru naturala, ingurumena, etxebizitza eta ekipamenduak, administrazioarekiko harremanak... Horrela lehentasunak identifikatu ahal izan ditu, eta behin hori eginda, Orozkoko herritarren premia benetakoei erantzuteko ekintza zehatzak planifikatzeko moduan dago.

Prozesuan parte hartu nahi izan duten herritar guztiek azterketa hori berrikusteko eta euren ekarpenak egiteko aukera izan dute horretarako propio eratutako foroetan. Eta azterketa osatzeko, telefono-inkestak ere egin dira.

Hala, Udalaren eta herritarren elkarlanetik sortutako diagnostiko horren emaitzak oinarri hartuta, kanpoko enpresa bati eman zaio 2020. urtera begirako Ekintza Plana lantzeko enkargua. Plan horrek kudeaketa tresna bizia izan beharko du, eta orozkoar guztien beharrizanetara egokitua.

Plana parte hartzeko foroetan ere eztabaidatuko da, Udalak beti bezala orain ere bide horri eutsi nahi dio-eta, herritarrek gero eta parte hartze handiagoa izan dezaten udal ekimenetan.