Albisteak

 

Orozkoko osasun zentro berria inauguratu zuten azaroaren 28an Orozkoko alkateak, Josu San Pedrok, Osakidetzako Zuzendari Nagusia den Juan Luis Diego Casalsek eta Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko gerentea den Jon Guajardok. Hurrengo astelehenean, abenduak 3, irekiko ditu ateak zerbitzu berriak. Sastegi kaleko 10. zenbakian kokatuta dago eta aurreikuspenen arabera, urtean 23.306 kontsulta hartuko ditu, horietatik 12.075 medikuarekin izango dira eta gainontzekoak, 11.231, erizaintza taldearekin. 8:00etatik 15:00ak arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera.

Osasun etxeak A energia kalifikazioa du. Orozkoko Udalak eraiki du 795.000 euroko inbertsioa eginda. Kopuru horretatik Osakidetzak 197.000 euroko diru-lagunta eman du 484 metro karratuko espazioa atontzeko. Azpimarratzekoa da irisgarritasun neurriak betetzen dituela eraikinak, aurretik Orozkon zegoen osasun zerbitzua nabarmen hobetuta. Proiektuak ere Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, Landa Garapenerako arloaren bitartez. 74.189,68 eta 349.139,16 euroko laguntzak izan dira hurrenez hurren.

Josu San Pedrok, herriko alkateak, ilusioarekin hartu du inaugurazioa. "32 urte igaro dira. Orozkok gaur badu bere beharretara egokitutako osasun zentroa, hobeagoa eta modernoagoa". San Pedrok azaldu du "Legealdiko proiektua da, esfortzu handia egin ondoren eta lankidetzari esker gauzatu dena. Orozkoko garapenerako osasun zentro berri bat oso garrantzitsua zela uste genuen eta berebiziko lehentasuna eman genion." Modu horretan ere, azpimarratu nahi izan du lankidetzaren garrantzia: "Finantzazioa zen araroa baina hainbat erakunderekin elkartu ondoren, zentro berria errealitatea da gaur. Horregatik, esan daiteke gogor ekitearen eta ondo antolatutako lanaren emaitza dela aurrean duguna".

Instalazio berrietan medikuentzako bi kontsulta daude, erizaintza zerbitzura bideratutako bi gela handi, osaketa lanak egiteko erabilera anitzeko gune bat, etab. Analisiak egin edo odol-ateratzeak burutzeko baliabideak ere egongo dira. Halaber, aldagelak eta biltegia ere egin dute. Herritarrei dagokienez, espazioa eraginkorragoa da, handiagoa eta baita erosoagoa ere.