Albisteak

 
Orozkoko Udalak positiboan itxi ditu 2018 urteko kontuak. Herriak 383.481,27 euroko aurrezki garbia lortu du azken ekitaldian. Hala ere, zifra hori 710.934,39 eurotan kokatzen da, aurreko urtean erabili ez zen altxortegi soberakina gehituta. Josu San Pedrok, Orozkoko alkateak, positiboan baloratu du datu hori, izan ere, “Udalak urtea zenbaki negatiboetan bukatuko zuela aurreikusi genuen osasun zentroa eraikitzeko eskatutako kreditua dela eta”. Ekaineko lehenengo astean izango den ezohiko udalbatzan -legealdiko azkena- onartuko dituzte zenbaki hauek.

2018an izan den ia 400.000 euroko aurrezki hori lortu da, batez ere, aurreikusita zeuden partida batzuk azkenean ez direlako erabili –Zerumugan dokumentalari zegokiona, adibidez-, ez delako beharrezkoa izan etxebizitza sozialetara bideratutako dirua erabiltzea, eta ez direlako beste partida batzuk guztiz agortu, Hiri Antolamendutako Plan Orokorraaren erredakzio proiektuari dagokiona kasu, besteak beste. Hala ere, aurrezkiaren zatirik handiena posible izan da hasierako aurrekontuan jasota ez zeuden diru-laguntzak jaso direlako eta datu positibo hori hobetu dutelako. Horien artean azpimarratzekoak dira aurreko abenduan inauguratu zen osasun zentroa eraikitzeko jaso direnak.

Aurreztutako horri eta aurreko urtean erabili ez zen altxortegi soberakinari esker, Orozkok gaur egun 710.934,39 euroko soberakina du. Maiatzeko udalbatzan Udalak onartu zuen 9.000 euroko gastua egitea udal brigarentzat orgatila jasotzaile bat erosteko eta beste 50.000 euro baliatzea zorrare zati bat aurrez kitatzeko. Hori dela eta, Orozkoko Udalak 651. 934, 39 euroko aurrezkiarekin itxiko du legealdia. Kopuru hori datorren maiatzaren 26ko hauteskundeen ondorioz sortuko den udalbatza berriaren esku geratuko da.