Albisteak

 

Berbodromoa izeneko egitasmoa jarriko du Zubiaur enparantzan Orozkoko Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, ekainaren 21ean. Ekintza hau, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Euskara zerbitzuak herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean urtean zehar udalerrian euskararen erabilera sustatzeko antolatuko dituen egitasmoetako bat da. Era berean, ekimen hau 2013-2017 bitartean udalerrian Euskara Biziberritzeko Plan nagusiaren –EBPN- baitan kokatzen da.

Euskararen erabilera kalera ateratzea da ekimenaren helburua, jendea Berbodromoan euskaraz berbetan jarriz. Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea; azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea.

Hirunaka eserita, berriketa lasaian

Egunean zehar ahalik eta pertsona gehien elkartzea izango da erronka. Antolatzaileek kalean jende ugari biltzen den leku bat aukeratu nahi izan dute, horrela, Zubiaur enparantzaren aldeko hautua egin dute. Bertan, aulkiak jarriko dira jendea hirunaka eseri dadin eta, berriketa lasaian, interes orokorreko gaiez jardun dezan.

Hiru gai izango ditu jendeak mintzagai ordubeteko tartean. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte hartzaileak mahaiz mugituko dira mintzakidez ere aldatuz. Berbodromoa hasteko ordua 19.00ak izango dira eta 20.00etan amaitzea aurreikusten da.

Hizketarako gaiak ondokoak izango dira:

  • Orozko eta orozkoarrak
  • Haurtzaroa eta ohiturak
  • Euskaraz bizi nahi dut

Jendearen ekarpenak jaso eta ikusgai egongo dira

Helburu nagusia, esan bezala, euskaraz aritzea izango den arren, sortuko diren elkarrizketa eta eztabaidetatik ateratako ondorioak bildu egingo dira. Mahai bakoitzean ateratzen diren ideiak sailkatu eta hurrengo egunetan bide desberdinak erabiliz jendearentzako ikusgai egongo dira.

Parte hartzea erabat irekia izango da, beraz, antolatzaileek orozkoar guztiei ordubetez solasaldi hauetan parte hartzera dei egiten diete. Udalak parte hartzaileen artean eskainiko dituen freskagarriak doan izango dira.