Albisteak

 
Orozkoko Udalak onartu du UEMAn sartzea, Euskal Herri euskaldun baten alde lan egiten duen mankomunitatean. UEMAk zehazten duen baldintza zehatza betetzen duelako izan du sartzeko aukera herriak: herriko euskara-indizea %70ekoa edo handiagoa izatea. Gauzak horrela, abenduko Batzar Orokorrean gehituko dute Orozko dagoeneko UEMAren parte diren 81 herrietara. Hala ere, herriko Euskara Arloa udazkenean hasiko da lanean horrekin elkarlanean.

UEMAko kide izateagatik Orozkok hainbat zerbitzu jasoko ditu, besteak beste, udaletxe barruan euskara normalizatzeko plana, merkatari eta ostalariei euskara zerbitzua ematea, etorri-berrientzako harrera plana, herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko tailerrak edo hezkuntza proiektua eskolarekin elkarlanean. Horren truke, herriak urteko kuota ordaindu beharko du, hau da, 7.323 euro, biztanleen arabera kalkulatzen dena. Nabarmentzekoa da gaur egun ordaintzen diren kontzeptu asko horretan sartuko liratekeela eta aurrerantzean ez litzatekeela ordaindu behar. Gainera, diru-laguntzak eskatzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzan zein Bizkaiko Foru Aldundian.