Albisteak

 

Orozkoko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek (ADIE, EAJ eta Bildu) fracking edo haustura hidraulikoaren aurkako mozioa aho batez onartu zuten apirileko osoko bilkuran. Horren bitartez fracking edo haustura hidraulikoa erabilita lurpea ustiatzeko eta gasa erauzteko jarduerak baztertu eta horiekiko desadostasuna adierazi dute. Mozioak, era berean, fracking gabeko udalerri izendatzen du Orozko. Hala, ingurumena, baliabide naturalak eta nekazaritza eta abeltzaintzako aberastasuna babesten direla bermatzen da. Mozio horren bidez aipatutako teknika debekatzeko eta bertan behera uzteko eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, ingurumenerako oso kaltegarria baita. Halaber, herri-administrazio eskudunei eskatzen zaie edozein hidrokarburo mota ikertzeko edo aztertzeko baimenak eman aurretik, gaiaren inguruko beharrezko eztabaida soziala sustatzeko, gizartea eta beste administrazioak horren inguruan behar bezala informatzeko eta tartean diren autonomia-erkidegoen eta udalen iritzia kontuan hartzeko.

Aho batez onartutako mozioan adierazitakoaren arabera, teknikaren efekturik garrantzitsuenak ur-kontsumo izugarri handia eta lurpera sartzen diren konposatu kimiko ugariak dira. Horren ondorioz, lurpeko akuiferoak kutsatu daitezke. Horrez gain, atmosferara ere isurtzen ditu frackingak gai poluigarriak, biodibertsitateari, gune naturalei eta pertsonen osasunari arriskuak eragiten dizkie eta oso lur-eremu zabala okupatzen du, zulaketa-plataformak, kamioiak aparkatzeko eta maniobratzeko eremuak, ekipamenduak, gasa prozesatzeko eta garraiatzeko instalazioak eta sarrera-errepideak direla medio. Bestalde, atzerako materialek metal astunak eta material erradioaktiboak izan ditzakete, eta, horrez gain, AEBetan egindako zenbait esperientziak erakusten dute ingurumena eta gizakion osasuna kaltetu ditzaketen istripu ugari gertatzen direla.

Prebentzio-neurria

Orozko fracking gabeko udalerria izendatzeko erabakia lurpean dagoen gasa eta gas-gordailuen presentzia aztertzea xede duen ikerketaren aurrean. Ikerketok interes orokorrekotzat jo dira; hortaz, fracking gabeko udalerria izendatzea, ikerketek  lur-azpian hidrokarburo ez-arruntak daudela frogatzekotan, prebentzio-neurria da.

Zehazki, otsailaren 5ean udaleko errepide eta bideetan proba sismiko batzuk egiteko baimen-eskaera jaso zen udalean, hidrokarburo arruntak eta gas-gordailuak bilatzeko helburuarekin. Tesla enpresak, Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatearentzat lan egiten duenak, aurkeztu zuen. Sozietate hori Energiaren Euskal Erakundearen zati da.
 
Lan sismiko horiek 2012ko abenduaren 4an Eusko Jaurlaritzak emandako SAIA baimenari dagozkio. Beren helburu nagusia hidrokarburoen sorrera eta arroka biltegi potentzialak gordailatzeko (hidrokarburo berreskuragarriak hartu ahal izateko) eremu onenen kokapena egiaztatzea da. Baimenak sei urte iraungo du eta hainbat fasetan banatuta dago. Eusko Jaurlaritzak onura publikokoa izendatu du, hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen arabera.
 
Udalean jasotako eskaera datu sismikoak eskuratzeko kanpainari buruzkoa da. Helburua islatze-sismologia bidezko hainbat ikerketa geologikoko proba egitea da Orozkoko Udalak kudeatzen dituen errepideetan, kaleetan eta lursailetan. Lanak topografikoak izango dira, kableak eta geofonoak ezarri eta bilduko dira eta kamioi bibrakorrak errepide eta bideetatik igaro eta lanean arituko dira. Kableak Bikotx Ganetik Arangureneraino ezarriko dira, errepidearen bazterrean. Ondoren, baso-pistetatik igaroko da hurrengo ibilbidetik: Arantzadui, Ubizar, Larraluze, Urizar, Erreketa, Arbileta, Ubegia, Mantzarraga, Mantzarbeitia.

Azkenik, gaiaren inguruko interesa duten herritar guztiak udaletxera hurbiltzera animatzen ditu Orozkoko Udalak, dokumentazioa berrikusteko eta zalantzak argitze aldera.