Albisteak

 

• 2015/2016 ESKOLA AGENDA: “Zuztarretatik oinez”
• ZUZTARRETATIK AHORA WEBGUNEA
• ZUZTARLUZE ONLINE
• HERRIETAKO IBILBIDE TOPONIMIKOAK

Zuztarretatik ahora egitasmoak 9 urteko ibilbidea bete du. Bederatzi urte hauetan Nerbioi-Ibaizabal bailarako eskualdeko bederatzi udalerrik erronka zaila betetzea lortu dute. Helburu eta asmo komun baten inguruan elkartzea, hain zuzen ere: gure ahozko ondarea berreskuratzea eta belaunaldi berriei ondorengoetaratzea, gaztetxoei zein haurrei.

Hasiera batean, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballesko udalek bultzatu zuten proiektua eta, beranduago, 2010ean, Zaratamoko udalak ere sustatu zuen egitasmoa. Orduan, proiektu honen helbururik behinena herri horietako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu eta guztiarekin Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri izango zen material didaktiko-pedagogikoa sortzea izan zen. Orduko hasierako helburua bere emaitzak ematen hasi zen eta, batez ere gure adineko herritarrek emandako lekukotzari esker (guztira 77 pertsona, egitasmoa bultzatu zuten herrietako bakoitzetik hartuta), euskarri ezberdinak zabaltzen joan gara, egokiak iritzi ditugunak belaunaldi berriei eskaintzeko.

  • 2009an, Zuztarretatik ahora izeneko DVDa.   Zuztarretatik ahora lelopean sortutako materiala eskualdeko umeentzako eskolarako material osagarria da (edo etxean gurasoekin erabiltzekoa), hezkuntza zikloen arabera eraturik datorrena, indarrean dagoen Hezkuntza Curriculumak zehazturiko edukiak lantzeko.
  • 2011n Gida didaktikoaren paperezko euskarri elebiduna eta “Orbelak airez airez” kantu bilduma aurkeztu ziren.
  • 2012an www.zuztarretatikahora.com webgunea eta izen bereko abestia sortu genituen. Abestiaren letra Arkaitz Estiballesek sortu eta Xabier Zabalak musikatu zuen. Abestia adin ezberdinetako eta eskualdeko herritarrek grabatu zuten; ume, gazte eta heldu… bildu ziren Kaki Arkarazoren Garate estudioetan. Deskargatzeko moduan dago zuztarretatikahora.com webgunean. Eskuko telefonoetarako berenberegi egokitutako politonoa ere eskuragarri dago. Abestiak proiektuaren alde ludikoa jorratu zuen.

Urte berean, Galdakaon Zuztarluze lehiaketa sortu zen, inguruko ahozko ondarearen gizarteratzean beste aurrerapauso bat emateko asmoarekin. Horren ondorioz, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko lehiaketa bat antolatzeko jolas interaktiboa diseinatu eta garatu zen. Jolas horrek bildutako ondarearen zati bat erabiltzea eta ikastea ahalbidetu zuen. Horrela, ikasleek eskualdeko ahozko ondare etnografikoa eta linguistikoa modu dinamikoan eta erakargarrian landu zuten, jolasaren bitartez. Zuztarluzek herri ondarea teknologia berrien eremuarekin elkartzeko beharrizanari erantzun zion. Izan ere, gaur egun umeak eta gazteak oso ohituta daude teknologia berrietara eta horregatik egin zitzaien erakargarri Zuztarluze.

  • 2013an, bideo-erreproduktorea, azpitituluekin, eta hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bilketa udalerrika, lekukoka eta baita gaika ere egin daiteke. Urte berean, Zuztarluze beste herri batzuetara ere heldu zen: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Orozko eta Ugao-Miraballes. Gainera, bigarren urtez garatu zen Galdakaon, arrakastaz.
  • 2014an, lehen ibilbide toponimikoak. Galdakaoko eta Basauriko ibilbide toponimikoekin ekin genien herrietako ibilbideak egiteari. Ibilbideak udalen zein www.zuztarretatikahora.com Webguneetan ikusgai izateaz gain, berau jaisteko aukera ere badago.

► Eskola agenda 2015-2016

Aurten ere irailean eskola agenda gure artean izan dugu proposamen berriekin, ideia berriekin, erronka berriekin…, guztia Zuztarretatik ahora egitasmoaren barruan.
Eskola agenda, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako tresna estimagarria da, baina horrezaz gain, Nerbioi-Ibaizabal bailarako eduki etnolinguistikoak zabaltzeko ere aukera paregabea ematen digu. Agendan, astean bista, guraso-irakasleen arteko oharrak, ordutegiak, helbideak… eta abarreko eduki funtzionalak azaltzen dira. Era berean, bederatzi udalerriotako jai bereziak, egun garrantzitsuak, hitzorduak, eta abar agertzen zaizkigu.
Aurtengo agendaren gai nagusia Zuztarretatik ahora egitasmoan sartuta dauden herri bakoitzeko ibilbideak (auzoak, mendi ibilbideak…) izan dira, eta lema nagusia “Zuztarretatik oinez” izango dugu.

Aurten, kontakizunak Itziar Ituño gazte basauriarrak sortu ditu, ibilbide bakoitzean bertako xehetasun eta kuriositateak ondo azalduz. Testuak Irati Merino ilustratzaileak egindako irudi ederrekin apainduta datoz eta bien artean gaztetxoen arreta erakartzea lortuko dutela espero dute.

Beste urte batzuetan bezala, eskola agendaren edukiak edota atalak www.zuztarretatikahora.com webgunean daude ikusgai, webgunea delako bere zabalkunderako euskarri aparta. Egitasmo honek bere zuztarrak hazi eta potolotu nahi ditu bailarako ondare etnolinguistiko eta kulturalarekin.

Azkenik eskola agendak eskaintzen dizkigun aukera ezin hobeak eta ugariak erakutsi nahi ditugu, ez bakarrik irakaskuntzan, ez bada beste esparru batzuetan ere. Eskola agenda, horren ildotik, oso egokia da jolasteko, sortzeko, irudikatzeko, ikasteko, irakurtzeko, gozatzeko, margotzeko, etab. Euskarri bakarra da baina gure udalerrietako hainbat etxeetara heldu dadin nahi dugun euskarria. Ilusioz, gure adinekoek eman diguten oinordetza modu atseginean zabaltzen ahalegintzen gara.

► zuztarluze.com eta zuztarretatikahora.com, eraberrituak

Webgune bi hauek Zuztarretatik Ahora egitasmoaren beste kimu bi dira.

Zuztarluze.com webgunean gure youtubeko kanalean eskegitako bideo berri bi txertatu ditugu: 2014-2015 ikasturtean Arrigorriagan zein Basaurin egin den Zuztarluze txapelketaren testigantza jasotzen dituzte, biak ala biak. Webgune honetan ez da nobedade bakarra. Jolas interaktiboa bera ere sarean ipini baitugu. Lehen ikastetxeetara mugatzen zen interaktiboa, gaur egun, mundu osora zabaltzen da. Nerbioi-Ibaizabal bailarako euskararekin edozeinek jolastu dezake. Ikastetxeetan erabiltzen den interaktiboari egokitzapen batzuk egin zaizkio, bai eta bailarako mapa zein egitasmoa babesten dugunon logoak ere jolasaren diseinuarekin doitu.

Zuztarretatikahora.com webguneak, eskaparatea berritzeaz gain, urteotan sortutako materiala deskargatzeko aukera ere ematen du. Erabilgarritasunean irabaziz eta egitasmo honek urteotan izan duen produkzioa zein egitasmoaren beraren dimentsioa egoki antzemateko parada emanez.

Nerbioi-Ibaizabal bailarako ondare etnolinguistikoak, euskarak berak, sarean bizi-bizi dirau.
 
►Ibilbide toponimikoak: Zuztarretatik oinez

Zuztarretatik oinez: Ibilbide toponimikoak .Orain dela urte batzuk, Nerbioi Ibaizabal Bailaran, martxan jarritako Zuztarretatik ahora egitasmoari jarraipena eman nahian, emaitza berriak aurkeztera gatoz. Kasu honetan bederatzi herritan (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamon) dauden ibilbideak erakusten dizkiguten bideoak, hain zuzen ere.

Helburua, kasu honetan, udal hauetako herri ondarearen transmisioa modu ludiko eta atsegin batean egitea da; eta ondare hori herritar guztien artean ahalik eta gehien zabaltzea. Bideootan era askotako informazioa erakusten da: toponimia, ohiturak, herriko bizimodua, herriko bazterrak, denboraren joanean izan diren aldaketak... Herrien lehena eta oraina ezagutzeko aukera ederra ematen digute.

Bederatzi udalak hain desberdinak izanik, emaitzak ere horrelaxe dira: ibilaldi luzeago edo laburragoak; auzoetatik egiten direnak, edo urigunetik irten barik; basoak eta mendiak zeharkatuz... Edozelan ere edonork egiteko moduko ibilaldiak erakusten dira.

Batzuetan, herrietako irudien osagarri, bertako lekukoak ere elkarrizketatu ditugu, eta euren testigantzak bideoetan txertaturik agertzen dira. Bideoak www.zuztarretatikahora.com webgunean ikusgai egongo dira, baita udal bakoitzaren web-orrietan ere. Ikusi nahi dituen edonoren eskura, horixe baita helburua, transmisioaren kateari jarraipena ematea, eta ondare horren zabalkundeari bideak ireki eta ugaritzea.