Albisteak

 

Maiatzaren hasieran Zubiaur Pla[zara] prozesu partehartzailea jarri zen martxan, espazio publikoaren kalitatearen hobetzea, aktibazioa eta berau balioan jarriko dituen interbentzio programa bat sortzea bilatzen duena. Proposamenak, ekintzak eta bestelako alderdiak jasoko dituen programa bat egitea da xedea, udalerriko bizilagunen nahietan oinarrituta eta epe erdira begirakoa izango dena. Zubiaur Plazaren soladuraren aldaketaren testuinguruan kokatuta, prozesuak Zubiaru plazaz haratago, inguruko zonaldeei ere begiratu nahi die eta herritarrek haren gainean iragankorragoak diren interbentzioak garatzeko aukera eman nahi da, multzoaren berbalorazioa bultzatzeko asmoz.
Horretarako, proiektua bultzatzeaz arduratuko den talde motore bat osatu da eta Interbentzio programa osatuko duten proposamenetan hausnartu, proposatu, antolatu eta lehentasunak jarriko dituena. Talde motorea Orozkoko 12 bizillagunez osatuta dago, espezialitate artistiko eta humanistiko ezberdinak dituztenak (diseinua, artea, argazkilaritza, historia,...) . Horretaz gain, bi saio ireki eta ideien postontzia antolatu dira, gainontzeko herritarrek ere partehartzeko aukera izan dezaten.
Talde motorea lanean hasi da jadanik, bi lan saioetan bildu delarik. Lehenengo saioan, talde motoreko partehartzaileek Zubiaurreko espazio publikoarekiko duten harremanaz eta bere erabileraz hausnartu zuten. Bigarren saioan, partehartzaileek espazio publikoaren erabiltzaileak eta haien beharrak identifikatzen aritu ziren eta bestetik, beharrak asetu eta birmoldaketak egiteko aukera tokiak bilatu zituzten espazio honetan.
Orain gainontzeko herritarrei zuzendutako partaidetza mekanismoak aprobetxatzeko momentua heldu da eta talde motoreari ekarpenak egiteko unea. Horretarako, hurrengo saio irekiak antolatu dira:

  • Memoria eta desioen ibilbide herritarrak. Maiatzak 31, 12h00etan. Zubiaur Plazan irteera.
  • Ideiagintza tailerra, espazioak eta jarduerak. Ekainak 6, 19h00etan. Kultur etxea.
  • Ideien postontzia maiatzaren 31 arte egongo da zabalik, Udaletxean bertan.

Lehenengo saioa, Memoria eta desioen ibilbide herritarra antolatu da maiatzaren 31rako, 12h00etan. Zubiaur Plazatik irten eta erdiguneko espazio publikoaren puntu ezberdinak zeharkatuko dituen ibilbidea izango da.
Orozkoko espazio publikoa eta bere elementu sinbolikoak balioan jartzea da ibilbidearen helburua, baina baita herritarren desioak eta informazioa jasotzea ere, talde motorearen saioetara eramateko.
Orozko erdigunearen inguruan ideiak eta iritziak botatzeko aukera ona izango da.
Itxaroten zaituztegu!
Animatu eta parte hartu!