Albisteak

 

Udalaren datuen arabera, legez kanpoko obrek 20.000 euroko diru-sarrera ekarriko lukete

Orozko, 2013ko otsailak 13.- Orozkoko Udalak obra-lizentzia eskatu ez duten legez kanpoko obrak eguneratzeko kanpaina jarri du abian. Ekimen honen helburua Orozkoko bizilagun guztien artean zerga arloko berdintasuna bilatzea da. Udal-gobernua kezkatuta dago obra-lizentziarik gabeko obra kopurua asko gehitu delako.

Udalaren datuen arabera, lizentziarik gabeko obrek 20.000 euroko diru-sarrera ekarriko lukete. Hala ere, baliteke kopurua handiagoa izatea, herrian egindako legez kanpoko obra guztiak kontrolatzea oso zaila baita. 2013ko martxoaren 1etik aurrera, Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak ezarritako zigorrak aplikatzen hasiko dira. Horrexegatik, herritarrek egun hori baino lehen eskatu edota legeztatu beharko dute lizentziarik gabeko obretarako lizentzia.

Josu San Pedro Montalbán Orozkoko alkateak gogoratu du zergak ez ordaintzea Orozko herrirako kalte handia dela, «obra-publikoetan eta gizarte-zerbitzuetan inbertitzeko diru gutxiago edukiko baitu Udalak».