Untzuetako erdi aroko gazteluaren aztarnak

Untzueta

Herri kondairek diotenaren arabera, Untzueta mendiaren gailurrean gaztelu bat zegoen eta bertan bizi ziren jentilak, neurri gabeko indarra zuten izaki mitologikoak. Egia esan, bertan zegoena erdi aroko gaztelu bat zen, XIV. mendean suntsitu zen arte hainbat eraso jasan zuena. Berriki egin den indusketa arkeologikoari esker, batera egin daitezke harainoko mendi txango ederra eta bere aztarnategi zirraragarrien bisitaldia.

Zer ikusi Untzuetan
Kontuan izan behar dugu bertan ikusiko duguna, suntsipen baten ondorioa besterik ez dela. Hala ere, nabariak dira barruko dorre nagusia eta bere babeserako eraiki ziren bi harresi sistemak. Horrez gain, hainbat baserritan eta bereziki Orozkoko Museoan harresiak apurtzeko erabili izan ziren harri bolak daude. Horiek jaurtitzeko katapulta moduko jaurtigailu batzuk erabili behar ziren eta, seguruenik, 1351 urteko erasokoak dira.
Hori gutxi balitz, gailur zorrotzetik amaierarik gabeko paisaia izango dugu, eta hodei ertzeko atal bat izatearen sentsazioa izango dugu.

Mitologia
Orozkoko nagusienen esanetan, jentilak Untzuetako gazteluan eta beheragoko Jentilzulo leizean bizi ziren. Behin batez, herriko neska eder bat bahitu zuten bertan. Askatzeko asmoz, hara abiatu ziren neska gatibuaren neba biak, burdinazko barra batzuk eskuan. Harresiak bota eta jentilak bertan hil ziren. Horrela askatu zuten neska eta betiko suntsitu zen goiko gaztelua.
Horrez gain, mendiaren inguruetan ugariak dira harri bola batzuk. Kondairen arabera, jentilek zerabiltzaten bola edo pilota jokoan aritzeko. Horregatik, jentil-bola esaten zaie inguruetan agertu ohi diren harrizko jaurtigaiei.

Historia gorabeheratsua
Alde batera utziz oinarri zientifikorik gabe argitaratu diren gazteluari buruzko berriak, agiri historiko fidagarriei esker badakigu XIII eta XIV mendeetan hainbat eraso jasan zuela. Gertakizun haien zergatia, Gaztelako errege eta Bizkaiko Jaunen arteko egoera liskartsuan bilatu behar dugu. Dakizkigun erasoen artean, Alfonso X Jakitunarena (1277), Antso IV.arena (1289), Alfonso XI.arena (1334) edo Pedro I erregeak agindutakoa (1351) ditugu. Azkenik, Tello Bizkaiko Jaunaren aginduz, gaztelua erabat apurtu zen (XIV. mendean).

Gazteluaren bilakaera
Berriki egindako indusketa arkeologikoari esker, jakin izan dugu gaztelua XI eta XII mendeen bitartean eraiki zela. Nabariak dira, bestetik, geroko erasoetan izandako kalteak konpontzeko egin ziren saioak. Azkenik, Tello Bizkaiko Jaunak gaztelua lurreratzeko emandako aginduaren ondorioak nabariak dira. Indusketan aurkitutako materialen artean, ugariak dira animalien hezurrak: bertan zeuden soldaduen janari-hondakinak dira. Horrez gain, zeramika zatiak ere aurkitu dira eta, azkenik, erasoetan erabilitako burdinazko gezi-puntak.