Elizak

Olarteko San Bartolome.

Hasiera baten nabe bakarrekoa, ostean hiru kanpai dauzkan kanpandorre, sakristia eta elizpe bategaz osatu zuten. Ate nagusian, arku ojibalaren dobel handien gainean zistenziar trantsizioko erliebe erromaniko bat agertzen da. Gaur egungo itxura, mendebaldetik duen sarrera ikusgarria barne, XVI mendearen hasierakoa da. 1940tik kanpandorrean erloju bat dauka. Barrualdean, presbiterioko tertzeleteak kontserbatu dira. Eraikun hau agirietan lehenbizikoz 1385 urtean agertzen da.

San Juan Bateatzailea.

Nabe bakarrekoa, ondoren kanpandorre, sakristia eta alde bietara dagoen elizpeagaz osatu zuten. Puntu erdiko fatxada bi eta gotiko tinpanodun beste leiho bi dauzka. Gaur egungo itxura XVI. mendekoa da gehienbat: ia sabairaino heltzen den elizburu otxabatua, leiho biforak eta trazeria delikatuarekin. Orozkoko Andrea zen Alberta Sanchezek eta bere senar eta Aiarako Jauna zen García Galíndezek eraiki zuten 1180. urtean, San Romanen izenpean. San Juan Bateatzailearen izenpera egindako aldaketa 1491 eta 1948 urteen artean gertatu behar izan zen, izenpe hau Aiarako Jaunarengandik hurbilen zegoen elizarena baitzen, Kexanako elizarena hain zuzen ere.

Urigoitiko San Lorentzo.

Nabe bakarrekoa, XVIII. mendean berriztatu zutenean zenbait elementu neoklasiko gehitu zizkioten: hiru kanpaidun kanpandorrea, sakristia eta elizpea. Atzealdean XIII. mendeko puntu erdiko leiho bat kontserbatzen da. Elizako agirietan 1385. urtean dokumentatu arren, aurretik haraneko antzinagoko biztanleekin erlazionatuta agertzen da.

Muruetako San Pedro.

Tarte biko nabe bakarrekoa, abside poligonalarekin eta gurutzeriazko gangekin amaitzen da. Puntu erdiko fatxada bi ditu. Bala –hegoalderantz dagoena– gingilduna da eta barroko estiloko San Pedroren egurrezko irudi bat dauka. Gotiko estiloko leiho bi tinpano landuekin, hiru kanpaidun kanpandorrea, sakristia eta 1604. Urteko elizpea dauzka. Gaur egungo itxura XVI. mendekoa da gehienbat. Barrualdean, Errosarioaren eta San Pabloren bi aldare –biak barrokoak– eta zilarrezko gurutze plateresko bat kontserbatzen dira. Buruan eta nabearen goialdean elizaren kronologiari buruzko irudi zoragarriak daude.

Baselizak

Orozkok, lurralde zabala denez, baseliza ugari ditu oso banatuta daudenak: Andra Mari (Zubiaur), Mantzarbeitiko San Isidro (Arbaitza), Mugarragako San Migel (Beraza), Ibarrako San Roke, Jauregiako Santa Katalina, Goikiriako Andra Mari, Katadioko Santiago, Egurrigartuko San Fabian eta San Sebastian, eta Arrolako Santa Marina (Arrola tontorra, 650 m.).

Zaloako Andra Mari.

Ermita honek –aurretik eliza izandakoa– nabe bakarra dauka, abside angeluzuzen estuagoa duena. Ateak arku zorrozdunak dira eta VI. mende amaierako arku konopialdun leiho bikoitz bat dauka. Sakristia eta elizpeagaz osatuta, aipagarria da daukan XVI. Mende amaierako egurrezko ganga. Ganga honek fazetatutako lanketadun sei giltzarri dauzka. Absidean ganga harrizkoa bihurtzen da. Koruan, hau ere XVI. mendekoa, jatorrizko eskudela eta gapirioa, euren tailekaz eta polikromiakaz kontserbatzen dira. Egun, XVII. mende hasierako kanpandorrea mantentzen da. Kanpandorre hau, bi kanpai dauzkana, lau zutoinen gainean dagoen teilatuaren isurietako baten luzapena baino ez da. Barrualdean, ondorengo irudiak agertzen dira: Andra Marirena, San Pedrorena, Esperantzarena eta XVI. mendeko eliz-gurutze bat. Ermita honen berri 1385. urtean badago ere, litekeena da antzinagokoa izatea.

Dorretxeak

Aranguren.

1500 inguruan eraikia, errenazimendu estilokoa da eta mota honetako eraikuntzetan ohikoa den patina dauka. Beheko solairu biak harrizkoak dira. Bertan zenbait bao eta leihatilaren bat eta gezileihoren bat dago. Goiko solairuak fatxada nagusian adreiluzko eta egurrezko bilbapena daraman arren, gainontzeko aldeetan egurrezko bilbapena baino ez darama.

Torlanda.

XV. mendekoa, moztu egin zuten. Tubo bertikal bat da harlanduz moldaturik, zenbait leiho gotikorekin eta ganbaran gezileiho batzuk daude. Bi sarrera ojibal, gezileiho batzuk, eta Legizamon eta Calatrava etxearen armarria kontserbatzen ditu.

Jauregiak

Ugarte, Torre, Legorburu, Aldama edo Bengoa, Torre Gil eta Muñoz.

Gorbeiako gurutzea

XX. mende hasieran, Leon XIII.ak mendi garrantzitsuetan gurutzeak ipintzea gomendatu zuen. 1901eko uztailaren 16an, 33 metro izatea (Kristoren adina hil zenean) aurreikusten zen gurutze bat egileko lanak hasi ziren eta azaroaren 12an bedeinkatu zuten. Negu horretan jausi egin zen eta hurrengo urtean berriztatu bazuten ere, berriro jausi zen. Urte batzuk beranduago hirugarrenez egin zuten, oraingoan 18 metrokoa, gaur egun ezagutzen duguna.