Herritarren eskubideak

 

(232. art.)

  1. Aurrekontuan sartutako baliabideak ahalbidetzen duten neurrian, Udalak diruz lagundu ahal izango ditu herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzen dituzten elkarteak, dituzten gastu orokorrak zein egiten dituzten jarduerak lagunduz.
  2. Horrela izanez gero, udal aurrekontuak helburu hori duen partida bat izango du, eta berau betearazteko oinarrietan banaketa-irizpideak ezarriko dira. Hauek, edonola ere, elkartearen ordezkagaitasuna, helburuek herritarrentzako duten onura edo interes maila, elkarteak duen gaitasun ekonomiko autonomoa eta beste erakunde pribatu edo publiko batzuetatik hartutako laguntzak jasoko dituzte.
     

(233. art.)

Elkarteek udal baliabide publikoak erabili ahal izango dituzte, elkarte batek baino gehiagok edo Udalak berak batera erabiltzeak sortzen dituen mugekin, eta eurak izango dira instalazioei emandako tratuaren erantzule.

Udal baliabide publikoen erabilera Udalari eskatu beharko zaio, idatziz, eta 15 eguneko aurrerapenarekin.
 
(234. art.)

Elkarteek, beren-beregi eskatuta eta gaiordenean erakundearen helburu sozialaren inguruko gaiak izanez gero, udal organoek egiten dituzten batzar publikoetako deialdiak jasotzeko eskubidea izango dute.

Kasu horietan, udal organoek hartutako akordio eta ebazpenak jasoko dituzte.
 
(236. art.)

  1. Herritarren interes orokor edo sektorialak defendatzeko elkarteei aitortutako eskubideak soilik Herriko Elkarteen Udal Erroldan inskribatutakoek gauzatu ahal izango dituzte.
  2. Erroldaren helburua Udalak udalerrian dagoen elkarte kopurua, euren helburua eta ordezkagaitasuna jakin ahal izatea da, herri elkartegintza sustatzeari begirako udal politika zuzena ahalbidetzeko asmoz. Beraz, Elkarteen Errolda Nagusitik bereizita dago eta, era berean, guztiak egon behar dira inskribatuta azken honetan ere.
  3. Udal erroldan udalerriko herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetu nahi duen herriko edozein elkarte inskribatu ahal izango da, bereziki, auzo edo barrutietako auzokideen elkarteak, kultura, kirol, aisialdi, gurasoen, gazteen, sindikatuen, enpresarien eta profesionalen elkarteak eta antzeko beste edozein elkarte.
  4. Errolda Udalbatzarreko Idazkaritza Nagusian egongo da eta datuak publikoak izango dira. Inskripzioak interesa duten elkarteen eskariz egingo dira. Elkarteek honako datu hauek eman beharko dituzte:
  • Elkartearen estatutuak.
  • Elkarteen Errolda Nagusian eta beste errolda publiko batzuetan duten inskripzio-zenbakia.
  • Zuzendaritza karguak betetzen dituztenen izenak.
  • Helbide soziala.
  • Aurtengo aurrekontua.
  • Aurtengo jardueren egitaraua.
  • Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

Inskribatzeko eskaera egin denetik hamabost eguneko epean, eta betiere hasieran eman ez den dokumentazioa gehitzeko beharrizanagatik epea eten ezean, Udalak elkarteari inskripzio-zenbakia jakinaraziko dio eta ordutik aurrera altan egongo da ondorio guztietarako.

Inskribatutako elkarteek datu aldaketarik izanez gero hilabeteren barruan Erroldari jakinarazi beharko diote. Urtarril guztietan urteko jardueren egitaraua eta aurrekontua jakinaraziko dute.

Betebehar hauek bete ezean Udalak elkarteari Erroldatik baja eman ahal izango dio.