Kultura

Orozkoko museoa 

Museoa Legorburu jauretxean lago. Kareaga etxea izenez ere ezagutzen den eraikin bikain hau XVIII. mendekoa da eta Zubiaurreko plaza nagusian dago, Orozkoko bailaran. A-68 autobidetik gertu dago, Bilbotik 24 kilometrora.

Museo honek bailarako bizimoduaren elementu, agiri eta lekukotasun desberdinak batzen ditu. Ikuspegi desberdinak jorratzen ditu, horrela egungo errealitatea sortu duten arrazoi eta ondorioak ezagutzeko aukera ematen digularik. Museoak proposamen interaktiboak, partehartzea bultzatzen dutenak egiten ditu, eta informaziozko zein ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz bisitariari bisita ludiko eta hezigarriak eskaintzen dizkio. Halaber, igorri nahi den mezua ez da bere edukira mugatu nahi, aitzitik, bisitaldiak jarraipena izan dezan nahi da erakusketa honekin zerikusia duten lekuak bisitatzea proposatuz. Eskaintzen artean, eta batez ere, Gorbeiako Parke Naturalarekin lotura dutenak sartzen dira.

Bere helburu nagusia Orozkoko bailararen iragana berregitea da. Honen bidez egungo eta etorkizuneko belaunaldiek arbasoen ohitura eta berezitasunen berri izatea lortu nahi da, hori guztia ezagutu ostean baloratzen eta zaintzen ikasteaz gain, Orozkoko bailarako zein Gorbeiako Parke Naturaleko ingurunea zain dezaten.

Museoari dagokionez, "Orozkoko Museoa" hiru solairuko eraikina da eta bakoitza gai bat islatzeko erabiltzen da: Orozkoko Bailarako Ondare Historikoa; Bizimodu Tradizionala Bailaran; eta Gorbeiako Lurralde Garaietako Biztanleak.

Beheko solairua

Hau da bisitaldiaren abiapuntua. Sarrera ondoan informazio-gunea dago, eta alboan, bitrina bat, bailarako produktu eta argitalpenak erakusten dituena. Areto honetan, Orozkoko bailararen aurkezpen orokorra egiten da. Hasteko, antzinako garaietan zehar ibilalditxo bat egiten du, garai hartako hainbat alderdiren berri emanez: orduko pertsona ospetsu eta garrantzitsuenak, foruak, eskumenak eta elizateen ezarpena. Bailarako eraikuntza esanguratsuenei buruzko argibideak ere ematen zaizkigu: elizak eta base-lizak, oin-etxeak, jauretxeak eta dorretxeak, baserriak, burdinolak eta errotak. Panel eramangarri batzuetan hainbat ibilaldi proposatzen dira, bailaran zehar zein mendian zehar egitekoak. Maketa interaktibo batek bailararen ikuspegi geografikoa erakusten du. Orain dala gutxi gela hau balioanitzeko gela baten birmoldatu da, hainbat hitzaldi eta erakusketa ibiltari antolatzeko, baina beti museoaren filosofia kantuan hartuta. Bisitariak ikustaldi bakoitzean gela barri bat aurkeztuko dute.

Lehenengo solairua

Areto hau bailarako bizimodu tradizionalarekin lotuta dago. Bertan, gai hauek erakusten dira: kokapen geografikoa, gizarte-antolaketa, erlijiotasuna, beste hainbat gai -beti ere bertako jendearen bizimoduarekin zerikusia dutenak. Aipagarria da bailara eta inguruko eremuak lotzen zituzten eta dituzten komunikazio-bideei buruzko atala. Halaber, azpimarragarria da iboiaren garrantzia energia-iturri moduan eta Orozkoko hainbat jardunetan izan duen erabilera, hola nola, burdinoletan, errotetan eta zentral hidroelektrikoetan. Era berean, bailaran esanguratsuenakizan diren lanbide eta jarduerak gogoratzen zaizkigu: elikadura, nekazaritzarekin lotura duten lanak eta artisauek egindakoak.

Bigarren solairua

Gizakiak Gorbeiako lur garaietan duen presentzia da solairu honetako gai nagusia. Hiru dira protagonistak: artzainak, egurgileak eta ikazkinak. Solairu honetan lanbide bakoitzaren berezitasunak erakusten dira: elikadura, habitata (txabolak) eta beste eraikuntza berezi batzuk. Era berean, tartea uzten da Orozkon artzaintzak eta abeltzaintzak, eta jarduera horietatik eratorritako produktuek, gaztak eta artileak besteak beste, izan duten eragina islatzeko. Garrantzia ematen zaio baita ere bertako landaretza eta faunaren aberastasuna erakusteari. Hain zuzen ere, Gorbeian azaldutako hartz baten hondakinak ikus daitezke bertan. Bitxikeri madura, arbasoen sinesmenen eta kondairen mundua, euren izaki mitologikoekin, aipatzen da, garai bateko oroimen huts bilakatu dena.

Zer aurkitu dezaket

Museoko mezu guztiak paneletan jasotzen dira testu eta argazkien bidez. Museo honetan gauza desberdinak aurki ditzakegu: hainbat maketa interaktiboak batzukburdinoletako, errotetako eta ikaztegietako lana zelakoa zen erakusten dizkigutenak; hainbat maniki Orozkoko biztanleak zelakoak ziren eta lanerako zelan janzten ziren erakusten digutenak; Gorbeiako txakur leial baten ondoan patxadan bazkatzen ari den ardi latxa jezteko aukera; bonbila bat biradera bati eraginez pizteko aukera,uraren energiak egiten duen bezala; parkean zehar ibiltzen ziren hartzen hezurdura ikustekoa; eta antzinako "txabola" bat ezagutu edo bidearen erdian dagoen aspaldiko mugarri batekin topo egitekoa. Honi guztiari esker, museo hau parte hartzeko leku bilakatzen da, arreta etengabe pizten duen lekua. Gainero, beirarasetan, antzinako agiriak, zelako ekipaiarekin bidaiatzen zen, zeintzuk ziren lanabesak, ogia zelan egiten zen, jazkiak nola egiten ziren eta abar luze bat ikus dezakegu. Azkenik, badira ikus-entzunezko hainbat informazio-gune ere, eta haien bidez, bailarako kondaira zahar batzuk ezagutu ahal izango ditugu, irudi eder eta musika atseginez lagunduta kontatuko dizkigutenak.

Helbidea

Zubiaur Enparantza Z/G, 48410 Orozko
Telefonoa: 946 339 823
Faxa: 946 339 934‎
Posta e.: museoa.orozko@bizkaia.org

Zerbitzuak

Sarrera dohainik. Harrera eta gida. Elbarrituentzat egokitutako instalazioak. Etxeko produktuak, liburuak eta informaziorako materiala saltzen da. Gorbeiatik ibilbideak. Kanpoko txangoak kontsultatu. Aldian-aldian erakusketa desberdinak.

Ordutegia

Ostegun, ostirala, igande eta jai-egunetan: 10:00etatik 14:00etara
Larunbatetan: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara

Taldeen bisitak, asteazken, ostegun eta ostiraletan 10:00etatik 14:00etara, euskeraz zein gaztelaniaz, zita aldez aurretik eskatu beharko da.

Ordutegitik kanpo bisitak egiteko kontsultatu.